Zuhaitz Gurrutxaga protagonistetako bat duen ‘Konpromisoa’ antzezlana emango dute barikuan Elgoibarren

Barren.eus 2021ko ots. 3a, 14:27

Txalo Produkzioak-ek Konpromisoa antzezlana emango du barikuan, otsailaren 5ean, Herriko Antzokian. Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarra dira protagonistak.

Tomas eta German aspaldiko lagunak dira. Tomas egile kaskar bat da, eta German, berriz, lanbidean nabarmentzerik lortu ez duen aktorea. Germanek arazo ekonomikoak ditu, eta nola edo hala bere apartamentua saldu nahi du. Hitzordua jarri du erosle izan daitekeen batekin, eta Tomas lagunari etortzeko eskatu dio, hala moduzko idazlea izanagatik haren aurpegiak konfiantza ematen duelako. Eztabaidan hasiko dira bi lagunak eta halako baten iritsiko da eroslea. Zein paper hartuko duen erosleak? Ikustera doanak jakingo du.

Philippe Claudel idazle frantziarraren euskarazko egokitzapena da Konpromisoa, Txalo konpainiak ekoitzi eta Begoña Bilbaok zuzendutako komedia. Eszenografiaren arduraduna Asier Sancho da, eta musika Haritz Lete eibartarraren lana izan da.

  • 19:00etan hasiko da Konpromisoa antzezlanaren emanaldia Elgoibarko Herriko Antzokian. Hamar euro balio du sarrerak (3 euro Gazte-txartela dutenentzat).