Bedeinkatu dituzte San Blas opilak

Barren.eus 2021ko ots. 3a, 12:30

San Blas eguna da gaur, otsailak 3, eta herritar ugarik hartu du parte San Blas opilak bedeinkatzeko elizkizunean. Atzo, berriz, Kandelaria ospatu zuten eliztarrek.

Santa Klarako eta Madalako baselizetan ere bedeinkatzen dira jakiak gaurko egunez, baina pandemiaren ondorioz San Bartolome elizan bakarrik bedeinkatu dituzte gaurkoan. Indarrean dauden neurri murriztaileen arabera, kultu-jardueretako edukiera muga %35ekoa da, eta zenbait lagun sartu ezinda gelditu dira. Banan banan sartu eta irten dira eliza barrura eta segurtasun distantzia mantenduz jarraitu dute elizkizuna. Eta opilak ere ur bedeinkatua erabili gabe bedeinkatu ditu Benantzio Otaegi parrokoak.

Mendaron ere egingo dute sanblasak bedeinkatzeko meza, 18:00etan, Azpilgoetako elizan.

 • Aspaldiko ohitura Elgoibarren
Koldo Lizarralderen 'Festa Herrikoiak Elgoibarren' liburuan jasota dagoenez, XX.mendeko lehenengo urteetan gatza, San Blas opilak eta lokarriak bedeinkatzen ziren herrian; hori guztiori, familian eztarriko minik ez izateko.
Gatza janari ia guztiei botatzen zitzaionez, jaki oro gelditzen zen bedeinkatuta. Mende hasieran Elgoibarren egiten ziren San Blas opilek ez zuten antzik gau egun ezagutzen ditugunekin. Gaur egun, "bollo suizo" izenaz ezagutzen ditugunen antz handiagoa zuten. Gari irina, arrautzak eta esnea ziren haien osagaiak. Gainean, lau punta egiten zizkieten "titiak bezala", eta arrautza gorringoz bustitzen zituzten. Ohitura hori galdu egin zen duela 90 bat urte. Eta opil haien ordez, gaur egun, okindegietan, gozodendetan eta janari-dendetan eros daitezkeenak bezalakoak egiten hasi ziren.
San Blas egunean lokarriak ere bedeinkatzen dira. Batzuetan, lokarri hori fardela (lotutako zapi zuri handia) edo opil paketea lotzeko erabiltzen da. Horrela, dena batera bedeinkatzen da. Tradizioaren arabera, eztarriko minik edo eztulik ez izateko, lepoaren bueltan jarri behar da, eta zortzi egunetan eduki. Bederatzigarren egunean sutara bota behar da lokarria. Gaur egun ere, familia askotan gordetzen da errito hori. "Horretaz gain, hainbat lagunek tentsioa edo kolesterola zaintzeko erregimena egin behar izaten duenez, barazkiak eta fruta ere eramaten dituzte bedeinkatzera. Hala eta guztiz, badago, bedeinkatzera, txokolatea ere eramaten duenik", jaso zuen Lizarralde etnografo elgoibartarrak. Era berean, Elgoibarren ez da sekula egon San Blas gotzain eta martiriaren izenpeko baselizarik. Hala ere, Azkue (San Roke) auzoko baselizan badago santu horren irudi bat. Gainera, parrokian, San Blas eguneko meza guztietan, betidanik egon da, ebanjelioaren ostean, ofertorioan alegia, jakiak bedeinkatzeko ohitura.

2021 02 03 sanblaseguna opilak bedeinkatzen elgoibar barren 1

2021 02 03 sanblaseguna opilak bedeinkatzen elgoibar barren 3

2021 02 03 sanblaseguna opilak bedeinkatzen atzetik elgoibar barren