'Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas' liburuxka eta DVDa banatuko ditu Elgoibarko Udalak ikastetxeetan

Barren.eus 2021ko ots. 2a, 12:40

Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak batzen ditu 'Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas' izeneko liburuxka-DVDak, gehienak Debarrokoak. Ikasturte honetan ere herriko ikastetxeetan banatuko ditu Elgoibarko Udalak.

 Ahozko ondarearen transmisioa egitea da lan honen helburua. Gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, jira-jira bueltan! 2018ko abenduan argitaratu zuten Jira bueltan izeneko liburuxka eta DVDa. Elgoibarko Udalak, Badihardugu elkartearen “ahotsak ikasgelan” proiektuaren baitan, eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko udalekin elkarlanean sortu zuten. Lau herrietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte egitasmo honetan. Gurean, Herri Eskolako eta Ikastolako haurrak izan ziren parte hartu zutenak.
51 kanta eta jolas jaso ziren guztira.
Elgoibako Udalak Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleen artean banatuko ditu ikasturte honetan. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da material hau, guraso zein hezitzaileentzat. Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” webgunean ere jarri dituzte herritarren eskura: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/