Myriam Martin: “Ipurterrea naiz, eta buruan bueltaka dabilkidana egin arteko onik ez dut izaten”

Barren.eus 2021ko urt. 29a, 11:02

Bizitzako lehen hamar urteak Mendaron egin zituen Myriam Martin Arritokietak, baina Debakoak ditu oroitzapen gehienak, adin horretan hara aldatu zirelako bere gurasoak. Elgoibarren, amamarenean, ikasi zuen josten eta brodatzen, amamari ikusiaz, eta afizio horri eusten dio. Ofizioz ile-apaintzailea da. Gaur, Mendaron bizi da, eta herriko Lutximak ile-apaindegian egiten du lan, baina eusten dio bere betiko afizioari ahal duen guztian. Beste bi lagunekin batera Hirulan egitasmoa sortu du, eta bi film labur ekoitzi dituzte. Hirugarren bat ere prest dute, egoera hobetzen denean aurkezteko.

 

 • Nondik datorkizu josteko afizioa?
Amamarekin hasi nintzen josten, oso ume nintzela, 6-7 bat urterekin. Denbora asko ematen nuen amamarenean, eta haren afizioak neure egin nituen. Gantxiloa egiten zuen bereziki amamak, sekulako lanak, baina brodatzen ere egiten zuen eta berak irakatsi zidan. Horixe zen gehien gustatzen zitzaidana: eskuz brodatzea. Eskolarako ez neukan horrenbesteko afiziorik. Hobe izan banu!. Hala, 15 urte nituela izekoren ile-apaindegian hasi nintzen lanean zerbait egite aldera, eta hantxe jardun nintzen 36 urte bete arte. Etxean jarraitzen nuen josten, baina etxerako; semeentzako arropa josten nuen eta oparitarako gauzatxoak ere bai. Ile apaindegian tximetaraino amaitu nuen eta 36 urterekin nebarekin hasi nintzen lanean, bulegoko langile bat ordezkatzen. 2 urte egin nituen han eta beste urtebete senarrarekin lanean. Paper kontuetan ez nintzen moldatzen, baina; ez zitzaidan gustatzen, eta ile-apaindegira ere itzuli nahi ez nuenez, arropa denda bat ireki nuen Deban. 3 urtez izan nuen zabalik, baina ez zen izan nik espero nuena. Deba bezalako herri txiki batean denda bat mantentzea ez da erraza. Ezin zara imaginatu ere egin arropa denda batean zenbat ordu ematen dituzun zer egin ez dakizula.

2021 01 29 ryriam martin arritokieta jostuna mendaro barren elk 1

 • Baina topatu zenuen orduan ere zeregina.
Bai, patroigintza ikasten hasi nintzen Donostian tarte horretan. Ordurako asko josten nuen, baina neure kasa ikasia nuen dena. Dendako ordu hiletan josten nuen, eta egun batean Getxo Modako iragarki bat ikusi eta izena ematea erabaki nuen. Urtero antolatu ohi duten lehiaketa da Getxo Moda, eta aurkezten diren guztietatik lehenengo hamarren artean sailkatzen direnek euren arropa desfilean erakusteko aukera izaten dute. Eta iritsi nintzen nireak erakustera ere. Sekulako ilusioa egin zidan hara joateak eta barruko harra esnatu zitzaidan. Gutxira, denda itxi nuen eta soinekoak josten hasi nintzen neure gogoz, denbora ematearren, aparteko helbururik gabe. Eta hogei bat pilatu nituenean desfile bat antolatzea pentsatu nuen. Etxean komentatu nuenean, semeek estu hartu ninduten. ‘Zer zabiz, ama? Zein joango da desfile hori ikustera?’ hasi zitzaizkidan, baina niri berdin zitzaidan. Buruan bueltaka dabilkidana egin arteko onik ez dut izaten eta garbi neukan egin, egingo nuela. Begira, nire semeetako bat 'El Conquis' saioan lehiatu zen eta etxean amorrarazita egoten nintzen begira, soka bertikalean gora igo ezinda ikusten nituenean. ‘Ezin da ba horren zaila izan’ pentsatzen nuen, eta esan ere egin nion bueltan etorri zenean. Eta jo nion erronka. Joan ginen Debako kiroldegira, ahalegindu nintzen eta ezin, baina arantza hori kendu arteko onik ez nuen izan. Bi hilabetez egunero joan nintzen kiroldegira, eta igotzeko gai nintzela ikusi nuenean, jo nion berriro desafioa eta aho zabalik utzi nuen.

 • Tematu zinen eta lortu zenuen. Deban egin zenuten desfilea.
Izugarria izan zen. Inguruko guztiek lagundu zidaten antolatzen. Ordurako Debako Janire ile-apaindegian nenbilen lanean, eta ile-apaindegiko lankideek lagundu zidaten modelo guztiak orrazten eta Julia Quintanak makilatzen, Kulunka ballet taldeko irakasleak eta dantzakideek dantzan egin zuten desfilean, zuzenean abestu zuten beste lagun batzuek, Udalak argiztapena eta soinu-mahaia jarri zizkigun... nire proiektua izan zen, baina lagun artean ondu nuen. Dena irten zen primeran. Udan egin genuen desfilea, uztailean, eguraldi bikaina egin zigun, euren onena eman zuten etxeko eta lagun guztiek eta egun ahaztezina izan zen guztiontzat. 23 bat neskak desfilatu zuten eta dantza eta abarretan beste sei bat lagun aritu ziren. Eta horri gehitu dena antolatzen eta prestatzen lagundu zidaten gainerako guztiak. Jende asko. Egun hark ekarri zuen beste proiektu bat: 'Ametsak janzten' filma. 2016ko uztailean amaitu genuen.

2021 01 29 desfiklea hirulan myriam martin mendaro

 • Ez zen desfile huts-hutsa izan hortaz.
Ez, film baten parte bat izan zela esan dezakegu. Zinezale amorratua naiz eta ia astero joaten naiz zinemara ere, eta kontatu nahi nuen istorio bat. Idatzi ere egin nuen, gaztetan Debatik Parisera joan beharra izan zuen emakume gazte baten kontakizuna, baina gidoia iruditara eramateko laguntza behar nuen, nik ez baitakit grabatzen. Eta halaxe lehengusinari [Aurora Arritokieta] eta lagun bati [Ane Landa] deitu nien, biek ere ikus-entzunezko ikasketak dituztelako eginda, eta Aneren kasuan, eskarmentua ere baduelako, produktora batean egin izan duelako lan kamerari moduan.

 • Eta zer egin duzu jantzi haiek guztiekin?
Soinekoak han daude Debako lokal batean, geldi. Jende askok esaten dit Internetez saltzeko, baina ez daukat energia horretan gastatzeko gogorik. Badakit salgai jarri ezkero hasiko zitzaizkidala handik eta hemendik talla kontuez eta abarrez galdezka eta buruhaustea baino ez zidala ekarriko horrek. Eta ez daukat horretarako gogorik. Nik gozatu dut haiek sortzen, josten eta erakusten. Ez dut gehiagoren beharrik. Bizitzak batetik bestera eraman nau, baina aukera eman dit nik nahi dudanean aritzeko. Mendaroko Lutximak ileapaindegian egiten dut lan orain astean bi egunez. Semeak hazita dauzkat eta zorionez bizi naiteke horrela, benetan gustatzen zaizkidan gauzei ahal den denbora gehien eskainita. Ile-apaintzaile lana ere gustatzen zait eta gustatzen zait ordu batzutan jendearekin egotea eta hori, baina ez dut lotura handiagorik nahi.

 • Ametsak janzten hura gerora etorriko zenaren hazi bat izan zen. Azalduiguzu.
Desfile hartatik sortu genuen 2018an Iraganean josia. Filmaren hasiera eta bukaera sortu genituen pantailarako, eta desfileko irudiekin osatu genuen kontakizuna. Familia eta inguru osoa sartu nuen saltsan. Atera kontuak: semeek ere parte hartu zuten eta gazteenak abestu ere egin zuen. Aurorak eta Anek egin zituzten grabazio lanak. Anek produktura batentzako egin du lan oraintsu arte kamerari moduan eta Aurorak ere ikusentzunezko ikasketak eginda dauzka, baina sekula ez du ikasitakoan lan egin.

2021 01 29 ryriam martin arritokieta jostuna mendaro barren elk 3