Gaztañeta itsasgizon mutrikuarrari buruzko ikuskizuna aurkeztuko du Musbika Ensemblek domekan

Barren.eus 2021ko urt. 27a, 10:43

Musikaren sentsibilizazio eta difusiorako sortutako proiektua da Musbika. Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopoak gainditzeko asmoz, berritasunez hornitu dute proiektua. Elur Arrieta elgoibartarra da Musbika Ensembleko musikarietako bat.

2016ko abenduan estreinatu zuten Musbika Ensemble taldea Elgoibarren, San Bartolome parrokiaren mendeurrenean, eta ordutik hainbat egitasmo berri dituzte eskuartean, esaterako Antonio Gaztañetaren bidaia. Iazko martxoan aurkeztu behar zuten obra hau Elgoibarren, baina koronabirusaren eraginez bertan behera geratu zen emanaldia, eta datorren urtarrilaren 31n, domekan, taularatuko dute. Euskal Herriko itsasgizon garrantzitsua izan zen Antonio Gaztañeta (Mutriku, 1656-1728), eta Musbika Ensemblek bere itsasontzian bidaiatzeko aukera eskainiko du, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Marinel paperean, Josu Camara aktorea, Antonio Gaztañeta mutrikuarraren bizipenak kontatuko ditu. Kontakizunak kontestualizatzen du, taldeak jotzen duen musika. Tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko irizpide historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztañetaren garaiko Mutrikura eramango du ikus-entzulea. Gaztañetak Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetara ere bidaiatu zuen, eta hango musika eta kultura ezagutzeko aukera ere izango da.

  • 12:30ean izango da emanaldia, 80 minutuko iraupena izango du, eta euro batean salduko dituzte sarrerak.