Eduardo Arrillagak irabazi du ardoari buruzko nazioarteko argazki lehiaketa

Barren.eus 2021ko urt. 25a, 10:36

Errioxako Haro herrian egiten duten ardoaren jaian ateratako argazki batekin irabazi du Eduardo Arrillaga Santolaya argazkilari elgoibartarrak 'El Rioja y los 5 sentidos' nazioarteko argazki lehiaketaren 22. ekitaldia. Era berean, argazkilariaren 'Deja que el gallo cante' argazki bildumak Ohorezko Aipamena jaso du Monovisions lehiaketan.

 Hamahiru herrialdetako 258 argazkilarik hartu dute parte Errioxako Gobernuak antolatutako 'El Rioja y los 5 sentidos' lehiaketan, eta Eduardo Arrillaga argazkilariak aurkeztutako 'Cascadas de Haro' izeneko argazkiak eskuratu du lehen saria, 1.600 euro. Haro herrian ekainaren 29an, San Pedro egunez, ospatzen duten Ardoaren Guduan ateratako argazkia da saritutakoa, 2019ko jaietan ateratakoa, hain justu ere. Orain arte egin duten azkena, 2020an ez baitzuten ospatu pandemiagatik. Arrillagak makina bat argazki atera ditu azken urteetan Elgoibarko Txiki Egunean, eta ez zitzaion arrotza egin ardo artean eta festa giroan argazkiak ateratzea. Gogoko ditu era honetako ospakizunak eta argazkietan jasotzen dihardu. Harora joan zen urte berean joan zen Buñolen (Valentzia) egiten den Tomatina festa entzutetsuan ere argazkiak ateratzera. Dioenez, ez dira argazkiak ateratzeko plaza errazak, festan murgildu beharra baitauka argazkilariak. Haron ardoz blai eginda bukatu zuen eta denbora gehiago pasa zuen kameraren objektiboa garbitzen argazkiak egiten baino. "Ez dakit nola lortu nuen ganorazko argazkirik ateratzea ere"
Juan Miguel Ortuño Martínez argazkilari murtziarrak lortu du bigarren saria 'Don Parron' izeneko argazkiarekin eta José Ramón Luna de la Ossak aurkeztutako 'Difuminadas en la niebla' argazkiari eman dio hirugarren saria epaimahaiak. 
 • Ohorezko Aipamena MonoVisions Photography Awards lehiaketan
Sariei dagokionez urte oparoa izan da 2020a Arrillagarentzat. Bere argazkiak onenen artean aukeratu dituzte nazioarteko hainbat argazki lehiaketetan, besteak beste, Ipa Photography Awards (Dubai), Ikei Photo Contest edo All About Photo lehiaketetan. Azken aipamena MonoVisions Photography Awards lehiaketan lortu du. Arrillaga Guatemala, Dominikar Errepublika, Haiti eta Bolibiako nekazal herri txiroen eguneroko bizitzan murgildu zen 1994an Mugarik Gabeko Albaitariak GKEaren eskutik, eta “Deja que el gallo cante” argazki bilduma osatu zuen. Orain Ohorezko Aipamena jaso du bilduma horrek txuri beltzean eginiko argazkiak saritzen dituen Monovisions nazioarteko lehiaketan.

∞Lotura duten albisteak: