Pello Reparaz: “Sormena da gure jainkosa eta beste bide bat hartzera eraman gintuen”

Barren.eus 2021ko urt. 22a, 08:38

Vendetta taldean hamar urtez aritu ostean, Zetak taldea sortu zuen Pello Reparazek (Arbizu, 1990) 2019an. Musika elektronikoa du oinarrian, eta dagoeneko bi disko kaleratu dituzte. ‘Zetak’ izan zen taldearen estreinako lana, eta ‘Zeinen ederra izango den’ diskoa izan da bigarrena, konfinamenduaren gogorrenean ekoiztutakoa. Taldea sortu eta berehala kultur ikuskizunak eten egin zituzten, eta bertan behera laga zituzten hamaika emanaldi, baina orain aretoetara itzuli dira, eta zapatuan Elgoibarren izango dira. Formato akustikoan eskainiko dute kontzertua, 17:00etatik aurrera, Herriko Antzokian. Sarrerak agortuta daude.

  • Elgoibarko kontzertua formatu akustikoan izango da. Zer eskainiko duzue?
Egoera berezi honetan bi motako saioak eskaintzen ari gara: leku batzuetan formato elektrikoan aritzen gara ekipo guztiarekin, eta beste batzuetan, akustikoan. Kasu honetan taula gainean Gorka piano-jolea eta biok arituko gara, baina lantaldeko kide gehiago ere etorriko dira. Oso serio hartzen dugu formato akustikoa ere, ez da bata bestea baino garrantzitsuagoa. Formatu akustikoa oso aproposa da ezagutzeko abesti bakoitzaren atzean zer dagoen, nolabait esateko, abesti bakoitzaren ardatza eta bizkarrezurra zein diren ezagutzeko. Kontzertura doazenei eskatuko nieke jarrera irekiarekin joateko. Abestiekin bidaia bat egingo dugu eta esango nieke joan daitezela abesti bakoitzaren atzean dagoen hori ezagutzeko jarrerarekin. Eskerrak eman nahi dizkiet kontzertura joango direnei, eta sarrerarik gabe geratu direnei esan nahi diet topatuko dugula bidean elkar, eta izango dutela aurrerantzean ere Zetak ikusteko aukera.

 • 2019ko amaiera aldera sortu zenuten Zetak taldea, eta bete-betean harrapatu zintuzten koronabirusaren pandemiak. Zein eragin izan du zuengan?
Uste dut jakin dugula pandemiaren olatua surfeatzen, nolabait. 2020rako kontzertu asko genituen lotuta eta bat-batean dena bertan behera geratu zen. Apur bat egoera baretu zenean 15 kontzertu iragarri genituen eta denetarako sarrerak agortuta daude.

2021 01 22 zetak pello reparaz kontzertusorta

 • Zein motako publikoari begira sortu zenuten Zetak?
Adin desberdinetako jendeak gozatzeko moduko proiektua dela esango nuke. Are gehiago, Vendettaren garaitik gaur egunera ditugun jarraitzaileen batez besteko adina igo egin dela ohartu gara. Hasieran zalantzak genituen Vendettaren jarraitzaileekin zer gertatuko zen, baina datuek erakusten digute horietako asko Zetaken jarraitzaile ere bihurtu direla. Niretzat aldaketa naturala izan dena, badirudi beste askorentzat ere hala izan dela eta hori poztekoa da. Oso eskertua nago.

 • Zer esan nahi du Zetak izenak?
Idatzi nituen lehen abestiak pertsonai ilunetatik eta egoera nahiko traumatikoetatik sortu ziren, eta horiek deskribatzerako orduan Zetak hitza suertatu zen. Nor dira Zetak? Bukaerarako uzten diren horiek; nolabait esateko, ahaztuak, alboratuak... Horiei egiten die erreferentzia.

 • Bi lan dituzue merkatuan, eta bigarrena konfinamenduaren gogorrenean sortua, gainera: ‘Zeinen ederra izango den’. Konfinamendua bera inspirazio izan zen?
Agian bai. 2019an sortu genuen lehen diskoa, eta 2020an disko hori han eta hemen aurkezteko asmoa geneukan, baina bete-betean etorri zen egoera berezi hau eta planak erabat aldatu behar izan genituen. Zetak oso proiektu aktiboa da, eta sormenari dagokionez oso bizirik gaudenez, letrak idazteari ekin nion konfinamenduan. Covid egoera honi lotutako hausnarketen emaitza izan da Zeinen ederra izango den lana. Lehen diskoan pertsonak ziren gehiago protagonista eta saiatu izan naiz haien azalean jarri eta haien sentipenak bizitzen. Nahiko istorio traumatikoak izan ziren batzuk, eta esperientzia kañeroa izan zen. Bigarren lana askoz introespektiboagoa da eta gehiago enfokatu dut nire bizipenetatik.

Vendettarekin hamar urteko ibilbidea egin zenuen eta gorenean zegoenean erabaki zenuten amaiera ematea. Hala izan behar zuen?
Bai; azken batean sortzaileak gara eta sortze prozesuak eramaten gaituen bidetik jo behar dugula sinesten dut. Sormena da gure jainkosa eta sormenak beste bide bat segitzera eraman gintuen. Oso urte ederrak izan ziren Vendettarekin bizi izan genituenak, eta bai, onenean geundenean utzi genuen, eta, bai, hala izan behar zuen

 • Ska doinuetatik, musika elektronikora. Aldaketa ausarta izan dela esango al zenuke?
Sormenak ireki digun bideari jarraitu baino ez dugu egin. Azken urteetan musika elektronikoarekin harreman handia neukan entzule eta kontsumitzaile moduan, eta alor horretan esperimentatu nahi nuen. Vendetta amaitu zenean paper zuri baten aurrean jarri eta bide horri jarraitu nion. Oso pozik eta eroso sentitzen naiz. Aldaketa potentea izan den arren, aldaketa naturala izan dela uste dut.

 • 17 urte besterik ez zenituela sortu zenuten Vendetta. Laburbilduko diguzu apur bat honaino iritsi arte izan duzun musika ibilbidea?
6 bat urterekin hasi nintzen Etxarriko musika eskolan eta 8 urterekin tronboia ikasten hasi nintzen. 12 urterekin igo nintzen estreinakoz taula gainera Altsasuko Gaztetxean, eta ordutik kolaborazio desberdinak egiten hasi nintzen, gauza pila bat ikasten eta nire denboraren gehiena musikari dedikatzen. 17 urterekin hasi nintzen Vendettan, eta horrek eraman ninduen ordura arte pasioa zena nire lanbide bilakatzera.

 • Distantziatik begiratuta, zer izan da Vendetta zuretzat?
Nire unibertsitatea izan da, eta ez bakarrik musikari dagokionez. Alor pertsonalean ere oso aberasgarria izan da. Taldekideek euren jakintza guztia konpartitu zuten nirekin, nik baino gehiago zekiten-eta. Hilko naizen arte, nire bizitzako urterik garrantzitsuenetarikoak izan dira Vendettakoak.

Elkarrizketa osorik BARREN astekariko 1087. zenbakian -PDF-