Ainara Ortegak eta Angel Unzuk kontzertua emango dute domekan Herriko Antzokian

Barren.eus 2021ko urt. 14a, 15:06

Koronabirusak baldintzatu ditu San Anton jaiak ere, baina, hala eta guztiz ere hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. San Anton jaietan musika kontzertua ere ohikoa izan ohi da, eta aurten ere ez du hutsik egingo: Ainara Ortega eta Angel Unzuren emanaldia izango da domekan.

Ainara Ortega (Hernani, 1981) abeslariak kontzertua emango du Elgoibarko Herriko Antzokian, domekan, eta Angel Unzu izango du lagun, gitarra jotzen. EMUDAFEk antolatutako kontzertua da, debaldekoa, eta 12:30ean hasiko da. Donostiako Jazzaldian kontzertuak eman izan ditu hernaniarrak Ainara Ortega Quartet taldearekin. Donostian egin zituen Goi Mailako Musika Ikasketak (Musikenen) eta Musikenetik irten zen jazzeko lehen promozioan lizentziatu zen, Ohorezko Matrikularekin. Euskal jazzeko proiektu interesgarrienetako bat argitaratu zuen Ortegak 2015en: Scat diskoa.

 • Gainerako egitaraua
Koronabirusak baldintzatu ditu San Anton jaiak ere, eta ondorioz, ezin izango dute aurten pilota txapelketarik antolatu. Hala ere, hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte: Lehenengoa bariku iluntzean izango da, Kutsidazu bidea, Ixabel antzerki musikala. Zapatuan, Julen Zabaletari eta Koldo Lizarralderi eskainitako zigilu erakusketa inauguratuko dute. Datorren barikuan, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Amaren intxaurrak' antzezlana taularatuko dute Herriko Antzokian, eta zapatuan, Zetak taldearen kontzertua izango da.

 Mikel Laboaren 'Bentara noa' abestia, Ainara Ortegaren eta Iñaki Salvadorren eskutik.