Julen Zabaletari eta Koldo Lizarralderi eskainiko diete aurten San Anton jaietako zigilu erakusketa

Barren.eus 2021ko urt. 13a, 14:21

Altzolatarren dorretxeak bi protagonista aukeratu ditu aurtengo zigilu erakusketarako: Julen Zabaleta Barrenetxea eta Koldo Lizarralde Elberdin zena.

Zapatuan, urtarrilaren 16an, zabalduko dute Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak urtero San Anton jaietan antolatzen duen zigilu erakusketa. 12:30ean irekiko dituzte Kultur Etxeko erakusketa gelako ateak, eta hilaren 23ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Itxiera egunean bertan egingo dute parte-hartzaileei eskerrak emateko ekitaldia. Ohikoa duten moduan, inaugurazio egunean zigilu-markatze berezi bat egingo dute, okasiorako sortu dituzten bi zigilu pertsonalizaturekin. Erakusketa ikusteko ordutegia honakoa izango da: astegunetan, 18:30etik 20:30era, eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. 

Bi protagonista aukeratu dituzte aurtengo zigilu erakusketarako: Julen Zabaleta eta Koldo Lizarralde zena.

  • Julen Zabaleta ‘Yulen’ 1921eko otsailaren 14an jaio zen San Bartolome kalean. Musillo baserrian izan zuten gero bizilekua, eta Sallobente auzoko eskolan hasi zen ikasten. Aita Agirre eskolan jarraitu zituen ikasketak, eta eraikin berean zegoen arte eskolan ere ibili zen, Bernardo Ezenarro irakasle zuela. Bi zaletasun handi izan ditu Julenek, mendia eta marrazketa, eta bigarren honi esker egin da ezagun, batez ere. 7.000 marrazki baino gehiago egin ditu lumaz, eta marrazki horietan Euskal Herriko herrietako eta beste hainbat lekutako ondare historikoa jaso du. Baserriak, elizak, errotak, eraikin historikoak... Bere irudiak hainbat liburu historikotako pasarteak ilustratzeko ere erabili izan dira.
  • Koldo Lizarralde, berriz, 1950ean jaio zen Pasai San Pedron, eta 1981ean iritsi zen Elgoibarrera. Historiarako eta antropologiarako zaletasun handia zeukan eta 1982an Eusko Ikaskuntzan sartu zen, Jose Migel Barandiaran irakasle zuelarik. Elgoibarri buruzko hainbat liburu idatzi zituen, besteak beste, El convento de San Francisco, Apuntes etnograficos de Elgoibar 1 y 2, Elgoibar eta bere errotak, Festa herrikoiak Elgoibarren, Elgoibarko Klub Deportivoren mendeurrena... Errotekiko zaletasun handia zeukan eta Errotak Ikertzeko eta Kontserbatzeko Elkarteko lehendakaria ere izan zen. Mila Pikaza emaztearekin batera Elgoibarko DYA sortu zuten, eta gero Elgoibarko Gurutze Gorriaren ardura ere hartu zuten 20 bat urtean. Parrokiako Abesbatzako eta Kale Kantariak taldeko kidea zen, eta Gure Bide Elkarteko Etxaniz Memorialaren antolakuntzan ere aritu zen. 2006tik San Bartolome jaietako egitarauko artikuluak idazten zituen, eta Filatelia elkarterako hainbat testu ere idatzi zituen. 2019ko irailean hil zen.