'Kutxidazu bidea Ixabel' musikala emango dute barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2021ko urt. 12a, 13:19

Urtarriletik ekainera bitartean 30 kultur ikuskizun baino gehiago programatu ditu Elgoibarko Udalak Herriko Antzokian. Lehenengo emanaldia Demode Quarteten 'Kutxidazu bidea Ixabel' musikala izango da, bariku honetan, urtarrilaren 15ean.

Demode Quartet konpainiak musikal bat sortu du Joxean Sagastizabalek 1994an plazaratu zuen 'Kutsidazu bidea, Ixabel' nobela oinarri hartuta. Alabaina, Patxi Barco zuzendariaren berbetan, eskeletoa baino ez du komunean ikuskizunak Sagastizabalen izen bereko nobelarekin. Hamazazpi musika eta dantza piezaren bidez kontatzen du ikuskizun honek Juan Martinen istorioa, euskara ikastera baserri batera joan eta bertako alaba Ixabelekin nola maitemintzen den. Barco bera arduratu da dramaturgiaz eta Itziar Garmendiaren laguntza eduki du zuzendari lanetan. Joli Pascualenak egin ditu musika moldaketak. Antzezle, dantzari eta musikariak, berriz, Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Ngema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano dira. Korkostegi izango da Juan Martin, eta Redondok jokatuko du Ixabelen rola; gainerako aktoreek pertsonaia bat baino gehiago jokatuko dute.

  • Elgoibarren emango duten emanaldia 19:00etan hasiko da, barikuan, Elgoibarko Herriko Antzokian. Musikalak 100 minutuko iraupena du eta 10 euroan salduko dituzte sarrerak (3 euroan Gazte-txatela dutenei)

  • 30 kultur ikuskizun baino gehiago sei hilabetean
Iazkoarekin alderatuta, Elgoibarko Udalak ia bikoiztu egin du kultur eskaintza, eta urtarriletik ekainera bitartean, adin tarte guztiei begirako 30 ikuskizunetik gora egingo dituzte Herriko Antzokian. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi saio eskainiko dituzte urtarrilaren 22an, eta hurrengo egunean Zetak taldeak modu akustikoan emango du kontzertua. Gerora etorriko dira musika emanaldi gehiago ere: Musbika ensenble (urtarrilak 31), Puro Relajo (otsailak 21), Zea Mays (martxoak 19) eta Eñaut Elorrieta (maiatzak 21), Go!azen 7 (apirilak 18). Antzerkiak ere izango dira, heldu zein umeentzako, eta Udalak esan du herriko artea sustatzeko ahalegina ere egin duela. Horren harira antolatu dituzte hauek: Elur Arrieta (Musbika ensenble taldea), Zuhaitz Gurrutxaga (Konpromiso ikuskizuna), Sustrai Akordeoi taldea, Biraka Dantza taldea eta Elgoibarko Musika Eskolaren hainbat emanaldi (abesbatza-kontzertua, ikasturte amaierako kontzertua, dantza jaialdia...).
Sarreren salmentari dagokionez, urtarriletik aurrera, kendu egin dute Kutxako sarrerak saltzeko makina, beraz, bi aukera izango dira sarrerak aurkezteko: norberak sarrera inprimatuta edo sarrera mugikorrean deskargatuta. Era berean, Herriko Antzokiko leihatilako aurre-salmenta, larunbatetan izango da, 18:15etik 20:45era, eta aurrez saltzen ez diren sarrerak leihatilan salduko dira emanaldiaren egunean bertan. Emanaldi guztietarako sarrerak online ere erosi ahalko dira, Kutxabanken bidez.