Andre zientzialariak, erakusleihora

Barren.eus 2021ko urt. 7a, 14:09

Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11 eta horren harira ekimen berezia abiatu du Elgoibarko Udalak, Elhuyarrekoekin eta Egur Arte tailerrekoekin batera: otsailaren 8tik 21era erakusleihoak emakume zientzialariz janztea.

Udaletik dei egin diete herriko zerbitzuetakoei egitasmoan parte hartzera. Denda bakoitzari emakume zientzialari bat proposatuko diete eta haren ikerketa-gaia ispirazio hartuta apaindu beharko dute erakusleihoa. Apainketa lanetarako Egur Arte tailerrekoen laguntza izango dute saltokietakoek. Kanpaina hau Bizilaberen barruan sartu dute. Bizilabe 2019an jarri zuten martxan Elgoibarren, gazteek zientzia eta teknologiako proiektuak gara zitzaten, baina berez, Euskal Herri mailako ikerketa zentroen sarea ere bada, eta beraz, beste herri batzuetan ere egingo dute ekimen hau. Bilbo, Soraluze, Ermua, Tolosa eta Villabonako saltokiak ere batuko dira “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenera.

Saltokietan eta erakundeetan banatzeko eskuorri bat egingo dute. Bertan, emakume zientzialarien istorioez gain, ekimenean parte hartu duten herriko denda guztiak agertuko dira, mapan kokatuta. Horrela, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ibilbidea egiteko aukera izango da. bizilabe.elhuyar.eus eta www.elgoibar.eus webgunetan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenari eskainitako ataria egongo da.
 • Izen emateak
Inskripzioei dagokionez, urtarrilaren 13ra arte irekita egongo da izena emateko epea. Urtarrilaren 18ko astean ikertzaileak esleituko dira eta otsailaren 5ean prest egon beharko du erakusleihoak. Parte hartu nahi dutenek https://labur.eus/otsailak11 estekako formularioa bete edota HAZen (Santa Ana, 2) eskuragarri dagoen formularioa bete eta bertan entregatu beharko dute.
Informazio gehiagorako: berdintasuna@elgoibar.eus / 943 74 10 50.

2021 01 04 otsailak 1 deustuko erakuslehioak dekoratuta 2