Bizitzaren dendaosteaz jardun dira bertsolariak kantuan Eguberrietako bertso-saio literarioan

Barren.eus 2020ko abe. 30a, 11:31

Iñigo Astiz kazetari eta idazlearen aipu batekin hasi zuen Uxue Alberdik Dendaostekoak liburua eta aipu horretxekin ekin zion atzo pandemia garaiko Gabonetako bertso-saio literarioari. Soinu-giroa sortzen Aitor Nova musikari elgoibartarra izan zuen lagun, saxofoiarekin, pianoarekin eta ordenagailuarekin, eta Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal jarri zituen kantuan. Bertso saio berezia izan zen. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak antolatu zuen saioa, Elgoibarko Udalaren diru-laguntzarekin.

 

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar nova uxuealberdi"Zure egunik onenez ezer ez dakidala ohartu naiz kolpez, Ni gabekoak direla Zure egunik beteenak eta zuekin batera han egoteaz hasi naiz fantaseatzen", zioen Iñigo Astizek Baita hondakinak ere bere lehen liburuan (Susa, 2012). Poema horretan kontatzen du behin bere amak lagunartean aipatu zuela bere momenturik zoriontsuena Urbasara joan ziren egun bat izan zela eta bera, Astiz, konturatu zela bera jaio gabe zegoela artean. Kontatzen du, beraz, pertsonek existentzia bat daukatela norberarekiko harremanetik kanpo eta hori ere idatz daitekeela. Horixe egin du Alberdik ere bere azken liburuan, amaren eta izebaren bizitzaren zati bat kontatu, senidetasun-harremanetik harago, istorioak berarekin lotura zuzena izan arren. Denda baten, kale baten, bizitzeko modu baten eta elkarri eusteko modu baten taupada bildu zuen Dendaostekoak liburuan eta taupada hori igarri-igarrikoa izan zen atzoko bertso-saio literarioan, hasieratik bertatik: "2018ko apirilaren 22a da, 40 urte zahar gaur Pitxintxu, amaren eta izebaren denda, haurtzaroko nire grabitate zentro garrantzitsuena. Argiak itzali eta hasi da argazki pasea: Ama, 20 urteko, kalean liburuak saltzen, artilezko jertsearen sorbaldetan adats eztikara luze eta eder. Izara brodatuak erakusleihoan, Marxen bizarrak eta Rosa Luxemburgen sudur kakoa maindireei begira. Uholdeen osteko denda lokaztuan ama berriz; 1983a, bi hilabeteko haurdun, haren sabelean enbrioi bat ni. Izeba lastozko txapela arrosa buruan, ebakortza ilun, lagun anarkoekin erretzen. Amamaren erretratua, klein urdineko trajearen papar hegalean pauma formako brotxea eta oinetan krema koloreko takoidun zapatak, dendako txanpon txikien zorroa besapean. Malkoak erreka nire masailetan eta dendaostean Deba ibaia urarre: denboraren iragatea zainetan".

San Frantzisko kalearen erradiografia egin zuen Alberdik. Denda txikien galeraz gogoetan jardun zituen entzuleak, bai eta kaleek nola eraikitzen gaituzten pentsatzen ere. "Dendari gehienek erabiltzen zuten txabusina. Tailerretan buzoak eta dendetan batak. Langileen arropa zen, lanerakoa. Urdinak edo grisak izaten ziren. [...]. Gutxi asko, 1970aren hondarrean horixe zen San Frantzisko kalea Maalatik Loritonera. Txabusinetatik neonezko pirañetara". Maalatik King Kongeraino eraman gintuen, Loritoneko aldaparaino, eta kale-kantoiari izena eman zion loroari begira jarri gintuen han gu, entzuleak, eta hiru lororen azalean kantuan, bertsolariak. Durangoko kale bateko balkoi batean zegoen loroa izan zen Unai; 80 urteko andra baten etxeko barruko patioan dagoen loroa, Amuriza eta ikasle pisu bateko balkoian dagoen loroa, berriz, Ibarzabal. Umoretik ekin zioten kantuan bertsolariek eta eskertu zuen publikoak.

Liburuko pasarte bat irakurrita,  joskintzaren inguruko eskola paregabea eman zuen ondoren Alberdik, puntu klase guztiak zerrendatuz, "puntu aurreratuarekin" amaitzeko. Eta joskintzaz bertsotan jarri zituen Amuriza eta Ibarzabal, 30 eta 26 urteko jostunak, pudoreagatik-edo elkarrekin maitasunaz sekula hitz egin gabeak zirenak. Ale ederrak utzi zituzten. Euren etxeek euretaz zer dioten kantatzeko ere eskatu zien gai-jartzaileak hiru bertsolariei eta "nahiago ez" zeri erantzun dion edo erantzungo liokeen esateko ere eskatu zion Iturriagari gero, bakarkako ariketan.
Galtzen ari denaz hausnarrean jarri gintuen gero saioko gidariak, joskintzaren inguruko hainbat jakingarri emanda, eta landa-munduan ere zenbat galdu den pentsatzen jarri. Hain zuzen ere horri buruz jarri zituen kantuan Amuriza eta Ibarzabal, 80ko hamarkadan baserri auzo banatan jaiotako bertsolariak. Izan ere, baserri munduan ere, nabarmena da transmisioaren etena, eta eten hori non igarri duten kontatu zuten bertsolariek. Euren gurasoek edo aiton-amonek egiten zekizkiten gauzak eta beraiek ikasi ez zituztenak aipatzeko eskatu zien Alberdik, edota euren aurrekoek erabiltzen zituzten hitzak eta esamoldeak erreskatatzeko. Ez ziren gutxi izan.

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar iturriaga amuriza

Saioaren azkenaldera, Alberdik kontatu zuen Pitxintxun ibilkeragatik eta usainagatik ere ezagutzen dituztela bezero asko eta asko, eta euren bizitzetako usainak zeintzuk diren kontatzen jarri zituen bertsolariak. "Zer dio zuetaz zuen etxeak? Zer dio zuen etxeak zuei buruz?" galderei erantzun zieten Iturriagak eta Ibarzabalek, eta saioa koplatan amaitu baino lehen, aita difunto bihurtu zuen Iturriaga. Hil ondorenean, etxea husten ari zitzaion alabari, Ibarzabali, agertu zitzaion bat-batean Iturriaga, eta umoretik jardun zuten biek ala biek heriotzaz. Umorerik ez zen falta izan atzoko saioan, ez.

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar 3ak

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar miren amuriza

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar unai iturriaga

2020 12 29 bertso saio literarioa elgoibar nerea ibartzabal

∞Lotura duten albisteak: