Arrakastatsua izan da ekimena: Bertso Kateak 1.700 bertso bildu ditu, 600 bideo baino gehiago jaso dituzte eta 1.000 bertso sarean. EITB Maratoiaren webgunean daude ikusgai eta horietako bat da Oier Gurrutxaga (Dido Mod da bere izen artistikoa) musikari elgoibartarrak osatutako bertsioa. Gurrutxagak berak Deban sortu duen Brosoma Produktions estudioan grabatu zuten abestia.
Bertso kateak hasierako bertso bat zuen, sei bertsolarik Bob Marleyren "No woman, no cry" doinua erabilita sortutakoa. "Ez negar egin, gu elkarrekin" abestia da, eta hasierako bertso/abesti hori oinarri hartuta katearekin jarraitzea zen erronka.
Gurrutxagak Kokoteraino punk-rock taldean hasi zuen musikari ibilbidea, 16 urterekin. Harrezgero hainbat musika estilotara hurbildu da, musika elektronikora, bluesera, hip-hopera, edo baita flamenkora ere. Orain, Dido Mod da bere bakarkako proiektu berria. (Orain gutxi kaleratu zuen 'Todo es lo mismo' abestia).