Pello Reparazen Zetak taldeak kontzertua emango du urtarrilaren 23an Herriko Antzokian

Barren.eus 2020ko abe. 18a, 17:52

Pello Reparaz musikari arbizuarrak 2019an jarri zuen abian Zetak taldea, musika ardatz duen arren, haratago doan aurpegi anitzeko proiektua. Kontzertu akustikoa emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian.

Urtarrilaren 23an, zapatua, izango da kontzertua, 17:00etan. 

Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak antolatu du kontzertua eta sarrerei dagokionez (3 euro), erdiak Gaztelekuan eta Herriko Antzokiko leihatilan salduko dituzte, eta beste erdiak online, Kutxabanken bidez. Hauek izango dira sarreren salmenten datak eta ordutegiak:

  • Gaztelekua: abenduaren 28an (2003tik 2008ra bitartean jaiotako nerabeentzako, herrikoak bakarrik) 17:00etatik 21:00etara. Bakoitzak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu. Gaztelekuan izena emanda duten erabiltzaileek 3 euro ordaindu beharrean 2,50 euro ordainduko dute.
  • Herriko Antzokiko leihatila: ohiko ordutegian (urtarrilaren 2tik aurrera larunbatetan 19:15etik 21:45era) eta kontzertuaren egunean bertan.
  • On-line: abenduaren 28an hasiko da 21:30ean.

Pello Reparaz musikari nafarra ezaguna da euskal musikaren munduan, Vendetta taldeko buru izan zelako. Vendettak, baina, 2018an amaitu zuen bere ibilbidea [Vendettako musikari Enrriko Rubiñosek 2017ko San Bartolome jaietan kontzertuan jo aurretik BARRENi eman zion elkarrizketa], eta Pello Reparazek zerbait zeharo desberdina egin nahi izan zuen, eta ska erritmoak utzi eta pop elektronikoari heldu zion, Zetak taldea sortuz. Gazteen artean estimazioa izan du proposamen berriak eta orain gutxi egin zuten Gaztea Sariak galan esateako, Zetak taldea izan zen irabazle nagusia. Bost izendapenetik hiru lortu zituen: urteko talde onena, zuzeneko onena eta konfinamenduko kantu onena.