40 urtean hutsik egin gabe jarri du Elgojaiotzak jaiotza mekanikoa, baina aurten ezingo dute ipini

Barren.eus 2020ko abe. 18a, 11:50

"Aurten ez dugu jaiotza mekanikorik jarriko. Egoerak ez du ahalbidetzen eta ezin dugu arriskurik hartu. 40 urtean hutsik egin gabe jarri dugu jaiotza martxan, baina koronabirusak hau ere eten digu", adierazi du Elgojaiotzako lehendakari Anton Zabaletak. Bideo bat sortu dute lanean jarraitzen dutela erakusteko.

 Aurtengo jaiotza prestatzeko urtero moduan hasi zirela lanean azaldu du Anton Zabaletak, baina udako oporren ostean "argi" ikusi zuten aurten ezingo zutela jaiotzarik ipini. "Gure lokalaren ezaugarriekin ezin dugu bermatu herritarren osasuna. Lokalak sarrera bakarra dauka, eta nahiko gune estuan pilatzen da jende guztia jaiotza ikusteko. Jaiotzak, gainera, bisita asko izaten ditu, iaz ia 20.000 lagun etorri ziren, eta jaiotza zaintzen dauden pertsonak jende askorekin harremanetan egon beharko lukete", azaldu du.
Hasierako urteetan parrokian bertan jartzen zuten jaiotza, baina urtetik urtera handituz zihoan euren lana, eta parrokian ez zuten lekurik. Parrokia ondoko kapera bat utzi zieten, eta han jartzen dute orain. Lokal hori ere txiki geratzen hasi zaie ordea. 52 pieza dituzte mugimendudunak, eta aurten berri bat sartzeko asmoa zuten, baina horretarako besteren bat kendu beharko zuteken. "Datorren urterako gorde beharko dugu. Ea datorren urtean egoera hobea daukagun”, esan du Zabaletak.
Aurten jaiotza irekiko ez dutenez, honako bideo labur hau zabaldu dute Elgojaiotzakoek:

∞ Lotura duten albisteak: