Koronabirusaren kontrako neurri guztiak hartuta antolatu du erakusketa, herritarrak lasai joan daitezen. 33 koadro jarriko ditu ikusgai, gehienak azken bi-hiru urteetan eginikoak, eta horietako asko konfinamenduan bertan margotutakoak. Koadro handienak bi metrotik gorako neurria izango du, eta txikiena sei zentimetrokoa izango da. Aldaketa bat igarriko du ikusleak margolan hauetan, kolore eta argiari dagokionez. Abenduaren 30era arte egongo da ikusgai erakusketa, Kultur Etxean.
• Koronabirusaren pandemiaren erdian dator zure erakusketa. Zer aurreikusten duzu?
Baikor eta ilusioz beterik nago. Badakit garai zailak bizi ditugula, baina ilusioa ezin dugu galdu. Nire lehenengo erakusketak izango balira bezala bizi ditut erakusketa guztiak. Egia da zalantzak izan nituela, baina uste dut gauzak antolatu behar direla. Herritarrei eman nahi nien kalera irteteko aitzaki bat. Zinera joaten diren moduan, koadroak ikustera etorri daitezke. 20 laguneko muga dauka aretoak eta ondo zainduko ditugu neurri guztiak.
• Erakusketa berria inauguratuko duzu gaur. Zer ikusiko dugu bertan?
Koadro zaharrak gutxi jarriko ditut; gehienak berriak izango dira. Azken bi urteak oso aberatsak izan dira sormenari dagokionez, eta koadro asko sortu ditut. Konfinamenduan ere, ez nuen atsedenik hartu. Estudioko material guztia etxera eraman nuen eta hamabost margolan egin nituen. Aspertu egingo nintzela pentsatu nuen etxealdia agindu zutenean, baina niretzat izugarria izan zen.
• Eta, nolako koadroak irten zitzaizkizun itxialdi horretan?
Harritzekoa da, baina ez dira koadro tristeak. Kaleak hutsik zeuden, establezimenduak itxita, jendea goibel eta egoerak bazirudien ez zuela asko laguntzen, baina koadro oso argitsuak irten zitzaizkidan. Azken bi urteotan kolore biziak erabiltzen ari naiz gehiago, eta argi mota berriak probatzen ibili naiz. Jendeak igarriko du aldaketa nire koadroetan.
• Zer margotu duzu azken koadroetan?
Maroko, Andaluzia edota Nepaleko paisaiak margotu ditut; txabolak, etxeak, kalexkak, mendiak, basoak... argi magikoak bilatu ditut.Itsasoko lan batzuk ere egin ditut, eta baita elurtutako paisaiaren bat ere bai. Erakusketa iragartzeko erabili dudan irudia Nepaleko paisaia bat da. Nire ametsa da Nepal ezagutzea. Gustatuko litzaidake hango lasaitasun eta bakardade magikoan hilabete bat pasatzea. Asko gustatzen zait leku diferenteetako etxolak, etxeak edota kaleak marraztea. Haiei begiratzen diedanean saiatzen naiz imaginatzen han barruan bizi izan direnen istorioak: barreak, negarrak, gosea, tristura, alaitasuna... Istorio horietan oinarritzen naiz koadroa margotzeko.
• Nondik ateratzen dituzu koadroetan jasotzen dituzun paisaiak?
Gehienak kopiatu egiten ditut liburuetatik edo aldizkarietatik, baina asmatu ere egiten ditut asko. Memoria fotografiko ona daukat eta intereseko zerbait ikusten dudanean memorian gordetzen dut. Askotan telebista ikusten nagoela agertzen da nire interesa pizten duen paisaiaren bat, eta berehala hartzen dut koadernoa lehenengo zirriborroa egiteko. Zirriborro pila bat pilatzen zaizkit, eta denak ez ditut gero koadroetara eramaten, baina asko bai. Edozein momentutan etortzen zait inspirazioa eta garrantzitsua da une horietan sortzen diren irudiak zirriborroan bada ere jasotzea
• Ikusleak aldaketa igarriko duela aurreratu duzu kolore eta argietan. Zein kolore erabili dituzu oraingoan?
Ni urre koloreko gama erabiltzearen oso zalea naiz, eta jarraitzen dut kolore horiek erabiltzen, baina argi gehiagorekin. Oraingoan, beste kolore batzuk ere sartu ditut, urdinak esaterako. Bi koadro oso berezi daude tono urdinetan, baina ez dira batere tristeak, ez dute tristurarik transmititzen. Tono berdeak ere erabili ditut, horiak... Argitasun handiko lanak dira gehienak. Bitxikeriaren bat jartzea ere gustatuko litzaidake erakusketa honetan. Nire ikasleetako bat itsasaldeko paisaia bat margotzen ari da tamaina handian, eta galdetu zidan ia hori txikian egiteko gai izango ote nintzen. Izugarri gustatzen zait ikasleei demostratzea dena dela posible, eta egin dut bere koadroa tamaina txikian. Nire ibilbide guztian margotu dudan koadrorik txikiena da. 6x4 zentimetroko koadroa da. Gustatuko litzaidake hori ere erakusketan jartzea.
• Kolore eta argi berriak bilatzen aritu zara azken lanetan, baina teknika espatularena mantendu duzu?
Bai, espatularena da niri gehien gustatzen zaidan teknika. Eskua martxan jartzen zait espatularekin eta geratu ezin moduko bat sentitzen dut. Zerua margotzean, esaterako. Koadro handiak margotzen gozatzen dut gehien, libre sentitzen naiz koadro handiekin, mugarik gabe margotzeko aukera ematen dit. Marokoko Fez hiriko kale bateko koadro bat 2x1,5 metroko tamainan egin dut.
• Koadroetan egilearen aldartea eta egoera pertsonala islatzen dira askotan. Nabaritu duzu argiago egon zarela koadro hauek margotzerakoan?
Ez dakit, ba. Koronabirus madarikatu hau gurera iritsi zenean tristura handia sentitu nuen, gauza asko galtzen hasi ginelako eta horri kontra egiteko ahalegina egin nuen. Konfinamenduan jende guztia triste zebilen eta nik horri aurre egitea erabaki nuen. Bospasei ordu eskaintzen nizkion egunero margotzeari, eta izugarri gozatu nuen. Ni ez nintzen aspertu etxealdian. Sukaldatzea ere izugarri gustatzen zait, eta ez nintzen geldirik egon. Denbora hegan pasatu zitzaidan, eta oparoa izan zen benetan itxialdia. Nire koadrorik tristeenak ama gaixo zegoenean margotu nituen. Betiko koloreak erabili nituen arren, oso koadro tristeak irten zitzaizkidan, bonbardaketa bat egon izan balitz bezala irten zitzaizkidan etxe eta kaleak. Urre koloreak erabili nituen, baina askoz grisagoak ikusten dira. Une hartan horrela sentitzen nintzen ni eta dudarik gabe, koadroetan egilearen aldartea islatzen da.
• Eskolak ematen diharduzu orain. Gaztetxoen artean ba al dago morgorako zaletasunik?
Bai, sekulakoa. Zazpi urte daramatzat eskolak ematen eta esan dezaket Elgoibarren margolari harrobi ona dagoela. 42 ikasle ditut une honetan eta beste 30 inguru itxaron zerrendan. Ume eta gazteei ematen dizkiet eskolak, eta izugarri gozatzen dut beraiekin. Hemen ez dago burlarik edo aurpegi txarrik; ondo pasatzera etortzen dira, ikastera, gozatzera. Oporrak iristen direnean esaten didate faltan botatzen dituztela nire klaseak eta horrek ilusio handia egiten dit. Nire ikasle batzuk nagusitu ahala Arte Ederrak ikastera joan dira, eta sekulako artelanak bidaltzen dizkidate tarteka. Oso pozik hartzen ditut beraien lanak. Konfinamenduan ere ia ikasle guztiek bidali zizkidaten euren artelanak, eta badakit margotzeak arindu ziela itxialdia, eta poztu ninduen horrek.
- Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1184. zenbakian -PDF-