Hezur Museoa ezagutzera emateko bideoa zabaldu dute

Barren.eus 2020ko abe. 14a, 15:55

'Orígenes-Jatorriak' izeneko bideoa egin du Elgoibarko Hezur museoak, Artetxe kalean dagoen museoa ezagutzera emateko.

Joan den urte amaieran inauguratu zuten Hezur Museoa Artetxeko eskola izandako eraikinean. Jose Julian Marquez elgoibartarrak historiaurreko tresna eta hezurrekin osatu duen museoa da, eta 700 bat pieza ikus daitezke bertan, Marquezek berak eskuz eginiko pieza originalen erreplikak gehienak.

Museoa ezagutzera emateko asmoz, sare sozialetan (Twitter eta Facebook) zabaldu duten bideo bat grabatu dute. Jairo Berbel elgoibartarrak egin ditu grabazio lanak eta Jose Julián Marquez eta Nahia Etxeberria aritu dira aktore lanetan, besteak beste, Lasturreko Arbil koban grabatu zuten ikusentzunezkoan. Historiaurrean Debabarreneko inguruotan bizi ziren aita eta alaba baten azalean sartu ziren biak, Madeleine aldiko gizakien bizimoduaren berri emateko. Marquezek egin eta museoan ikus daitezkeen hainbat pieza erabiltzen dituzte bi protagonistek euren egunerokoan, sua egiteko, kobetako hormetan marrazkiak egiteko edo ehizarako. Alabaren ikuspuntutik dago kontatua istorioa, eta duela 20.000 urte hemen bizi zirenen bizimodua Hezur Museoarekin lotzen du. 

"Gure aintzinako arbasoek egiten zituzten artelanei buruzko gogoeta bat da lan hau. Gainera, lan honekin azpimarratu nahi dugu historiaurrean hemen bizi ziren gizaki haien ondarea eta oroimena Hezur Museoa moduko lekuetan gorde eta zabaltzea garrantzitsua dela", esan du Marquezek "ilusio handiz" estreinatu duten bideoaz. Izan ere, bideoaren amaieran dioten moduan, Hezur Museoak hiostoriaurreko erreplika didaktikoen Europako bilduma handiena du. Marquezek Jairo Berbelek irudiekin eta muntaiarekin eginiko lan "aparta" goraipatu du.
Elgoibarko Udalaren eta Morkaiko mendi taldearen laguntza ere izan dute bideoa osatzeko.

 Lotura duten albisteak: