San Agustin kulturgunera lekualdatu dute 'Erradikalak ginen' ikuskizuna

Barren.eus 2020ko abe. 10a, 13:39

Mendaroko Udalak erabaki du zapaturako antolatu duten 'Erradikalak ginen' ikuskizuna San Agustin kulturgunera lekualdatzea, eguraldi hotza iragarri dutelako eta sarrera gutxi saldu dituztelako. 

 Ikastolako patioan egitea aurreikusita zeukan Mendaroko Udalak zapatuko 'Erradikalak ginen' kultur ikuskizuna, baina eguraldi hotza iragarri dute astebururako eta, gainera, uste zutena baino sarrera gutxiago saldu direnez, San Agustin kulturgunean egitea erabaki dute. 17:30ean izango da emanaldia. Sarrerak, Puxikan erosi daitezke 2 euroan. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak ‘Neska gazte promesa’ etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta zeharkatzen gaituzten beste hainbat gai kantatu eta kontatuko dituzte, feminismoa zeharlerrotzat hartuta.