Piriniotako Glaziarren inguruko hitzaldia emango du Eñaut Izagirrek Mutrikun, Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldien barruan

Barren.eus 2020ko abe. 9a, 13:08

Mendien Nazioarteko Eguna ospatzeko bi hitzaldi antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak, eta glaziarretan aditua den Eñaut Izagirre elgoibartarrak emango du horietako bat, Mutrikun.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi irteera batekin ospatu izan du aurreko urteetan abenduaren 11ako Mendien Nazioarteko Eguna. Aurten, baina, mendi ibilaldi batean elkartu daitezkeen pertsona kopurua murritza denez, bi hitzaldi antolatzea erabaki dute. 

Batetik, Eñaut Izagirrek Piriniotako glaziarren inguruko hitzaldi bat emango du Mutrikun, abenduaren 10ean, eguena, 18:00etan Zabiel Kultur Etxean. Izagirrek “Pirinioetako glaziarrak desagertzear: bilakaera eta egoera” izenburua duen hitzaldia emango du. Txikitatik Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietan hazia eta hezia, EHUn Geografia ikasi zuen Izagirrek eta egun, doktoregai ikerlaria da EHUko Geologia Sailean. Bere foku nagusia Patagonia eta Suaren Lurraldeko glaziarren ikerketan jarrita badu ere, glaziarrekin erlazionatutako beste hainbat proiektutan badabil lanean, Pirinioetako glaziarretan, besteak beste. Azken horien inguruan arituko da Izagirre Mutrikun. Euskaraz izango da hitzaldia, doakoa da eta izen-ematea beharrezkoa da labur.eus/glaziarrak formularioa beteta.

Beste hitzaldia Sito Carcavillak emango du Zumaian, gaur, 19:00etan, Oxford aretoan. Carcavillak berriki plazaratu duen "Geología desde el Campo Base: el Himalaya y Karakórum vistos por un geólogo y alpinista" liburua aurkeztuko du. Geologiako Doktorea eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME) Zientzialari Titularra da Carcavilla. 2007tik, 13 espediziotan parte hartu du Himalaia eta Karakorumera eta Carlos Soriaren taldeko kide izan da. Estreinatutako liburuan mendikate horien eraketaren gakoak eta eskaladarekin zerikusia duten alderdiak azaltzen ditu berak ateratako irudien bitartez.

2020 12 09 kartela geoparkea enaut izagirre