Bukatu dituzte Dolmenen Ibilbidea seinaleztatzeko lanak

Barren.eus 2020ko abe. 1a, 14:37

Seinale eta interpretazio-panel berriak jarri dituzte Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalek eta Debegesak Dolmenen Ibilbidean, Karakate-Iturberri mendilerroa zeharkatuz hiru udalerriak lotzen dituen bidean, bisitariek bidea modu erraz eta hezigarrian egin dezaten.

Joan den urtarrilean hasi zituzten Dolmenen ibilbidea seinaleztatzeko lanak eta bi fasetan gauzatu dute. Bigarren fase honetan, urte hasieran hasitako seinaleztapenari bukaera eman diote. Alde batetik, ibilbidea markatzeko espreski diseinatu diren “harri” kuboak ipini dituzte eta bestetik, Agirreburu eta Irukurutzetako dolmenak interpretatu dira. Interpretatutako elementu megalitiko guztietan gaur egongo dolmenaren egoeraren irudia, aurkitutako aztarnen berri eta elementuaren ezaugarri garrantzitsuenak nabarmentzen dira. Ibilbidean elementu geologiko bat ere interpretatu da, "batzuetan dolmenaren forma duen elementuek ondorio okerretara eraman gaitzakeela erakusteko".

 • Bi mahai panoramiko
Bi mahai panoramiko ipini dituzte ibilbidean, bat Idoia inguruan eta bestea, Irukurutzetan. Idoia inguruan ipini dena barne aldera begira dago eta bertatik, Gorbea, Anboto, Aizkorri, Udalaitz, Aitzorrotz edota Elgeako mendilerro ikus daitezke, besteak beste. Irukurutzetan jarri den mahai panoramikotik, ordea, itsasoa, Euskal kostaldeko Geoparkea, Arno, Aiako Harria, Aralar eta Txindoki ikus daiteke eta egun argi batean Pirinioak ikusteko aukera ere egon daiteke.
Egindako lan honen helburua ibilbidea eta bertan aurkitzen diren elementu megalitikoak balioan ipintzea eta ibilbidea egiten duen edonork ulertu eta gozatu ahal izateko elementuez ahalbidetzea izan da.

2020 12 01 seinalaztapena dolmenen ibilbidea 2

Seinalaztapenez gainera, aurten, ikerketa eta indusketa lanak egin dituzte Aguerreburu, Frantsesbaso, Sabua eta Irukurutzeta megalitikoetan eta Karakate eta Santutxuko ibilbide sarbideetan totemak jarri dira. Bestalde, Gizaburuaga eta Arribiribillea megalitoen interpretazio panelen eta ibilbidearen norabidea adierazten duten balizen diseinua egin da.

Bergara, Elgoibar eta Soraluzeko 6. mailako eskola umeei eta DBH1eko ikasleei zuzendutako bi unitate didaktiko ere garatu dituzte, eta hiru elementu megalitikoen errepresentazio birtualak jasotzen dituen lau bideo ekoiztu.
 • Mikrosite bat informazio guztia jasotzeko
Bideoak eta Dolmenen Ibilbidearekin zer ikusia duen informazio guztia jasotzen duen mikrosite bat sortu da Debabarrena Turismoko web orrialdean. Bertan, ibilbidearen informazioa, interes-guneak edota elementu megalitikoen informazio guztia dago zintzilikatuta.

2020 12 01 seinalaztapena dolmenen ibilbidea dolmena irukurutzeta