‘Erradikalak ginen’ ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da zapatuan Elgoibarren

Barren.eus 2020ko aza. 26a, 14:30

Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzezle eta ipuin kontalariak 'Erradikalak ginen' bertso-antzerki ikuskizuna emango dute zapatuan, hilak 28, Elgoibarko Aita Agirre kulturgunean.

Feminismoa zehar lerrotzat hartuta eta umorez, gai ugari kantatu eta kontatuko dituzte. “Lehen aldi hartako pasioz, korseak askatuta, bertso eta bakarrizketa bidezko formatuari eutsi eta buruberokiak eduki berriz betetzeko gogoz”, gatoz diote. Neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta sistemak emakumeak zeharkatzen dituen beste hainbat gaiz kantatu eta kontatuko dute. “Umorez, beraz, serio”, zehaztu dute. Elgoibarren azaroaren 25aren harira antolatu duten ikuskizun hau bera Mendaron ere ematekoa dute abenduaren 12an. 70 minutu inguruko iraupena du ikuskizunak.
19:00etan hasiko da saioa. Dohakoa izango da baina aurrez izena eman behar da..