"Luxuzko" programazioa prestatu dute Blues Hotsak jaialdiaren bigarren edizioan

Barren.eus 2020ko aza. 19a, 14:03

Deba bailarako blues zale guztientzako 'Blues Hotsak' jaialdia antolatu zuten iaz estreinakoz, Soraluzen. Bigarren edizioa datozen bi asteburuetan egingo dute eta lau talde ariko dira bertan: Gisele Jackson & The shu shu shu's, Dama Beltzak, Travelling Brothers eta Amparo Sanchez (Amparanoia). Soraluzetik kanpoko herritarrek udaletxera deituz erreserbatu beharko dituzte sarrerak.

Aurtengo Blues Hotsak musika jaialdian bost musika kontzertu eta liburu aurkezpen bat emango dituzte antzokian. Ubane Uzin Errabal Jazz elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzailearen esanetan, aurtengo edizioan bluesa izango da nagusi eta programazioa "luxuzkoa" izango da: "Jaialdi hau pentsatuta dago Euskal Herri osoko zaletuak erakartzeko, eta hori dela eta, jaialdian izango ditugu nazioartean ezaguna den artista bat, Europan eta estatu mailan diharduten bi talde, euskarazko sorkuntza berezia eskaintzen duen emanaldia... Eta horiekin guztiekin batera, herriko musikariak, Musika eskolako ikasleak. Horiek ere izango dute beren lana erakusteko aukera".

 • Lehen asteburuan, musika beltzaren tradizioa
Gisele Jackson kantari estatubatuarrak irekiko du blues jaialdia azaroaren 21ean, 18:00etan emango duen soul kontzertuarekin. Nazioarteko artista ezaguna eta bere taldea Bartzelonatik helduko dira zuzenean, musika beltzaren tradizioari lotutako musika emanaldiarekin.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, 13:00etan, Musika eskolako musikarien txanda izango da eta arratsaldean, berriz, 18:00etan, Estitxu Pinacho kantariak Dama Beltzak izeneko emanaldia emango du, bost emakume beltz kantariren bizitzak ardatz dituena: Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin. Euren kantak interpretatu eta Leire Cano idazleak espresuki idatzitako testuak ere errezitatuko dituzte.

 • Bigarren asteburuan, Travelling eta Amparo Sanchez
Travelling Brothers taldeak abiatuko du jaialdiaren bigarren asteburua, azaroaren 27an, 18:00etan, emango duen kontzertuarekin. Leioako seikotea ezaguna da Euskal Herrian, izan ere, ibilbide luzea eta zuzeneko ikusgarria duen taldea da, bere garaian Gaztelupeko Hotsak disketxearekin lau disko grabatua eta 2015ean Europako blues talderik onenaren izendapena lortu izanaz geroztik, nazioarteko jaialdirik onenetan jotzen diharduena. Emanaldian, bluesa, soula eta rock&rolla uztartzen ditu.

Jaialdiaren azken egunean, azaroaren 28an, Amparo Sanchez kantari espainiar ezagunak La niña y el lobo bere azken disko-liburu proiektua aurkeztuko du. Lehenik, Eguerdian, 12:30ean, liburua aurkeztuko du eta arratsaldean, 18:00etan, diskoa. Lan autobiografiko horretan Sanchezek kontatzen du indarkeria matxista ardatz duen istorio "basati, urratzaile eta pertsonala". Liburuak hirugarren argitaraldia du eta oraingoan liburuari soinu banda propioa erantsi dio hamar bertsiorekin, besteak beste: Radio Futuraren Han caído los Dos, Mano Negraren Mala Vida. Los Lobosen La pistola, Armando Manzaneroren Adoro... Gainera, kontzertuan iaz argitaratu zuen Hermanas musika lana ere aurkeztuko du, latindar eta flamenko airea duena.

 • Sarrerak eta gonbidapenak Iratxon
Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Iratxo goxodendan: 10 eurotan Jackson, Travelling eta Amparoren kontzertuetarakoak, eta 5 eurotan, Dama Beltzak ikuskizunerakoak. Eguerdiko saioetara joan ahal izateko, berriz, gonbidapena eskuratu beharko da Iratxon bertan. Kontzertuak hasi baino ordu erdi lehenagotik antzokian bertan ere eskuratu ahal izango dira sarrerak. Aforoa mugatua izango da eta gehienez 70 ikusle sartu ahalko dira emanaldi bakoitzean.

  • OHARRA: Soraluzetik kanpoko herritarrek udaletxera deituz (943 753 043) erreserbatu beharko dituzte sarrerak eta ziurtagiri bat ere jasoko dute emanaldira etorri ahal izateko. (*Iturria: plaentxia.eus

2020 11 19 blues hotsak kartela zuzenduta