Elgoibarko bertso eskola bueltan da, lau urteko etenaldia eta gero

Barren.eus 2020ko aza. 17a, 11:53

Elgoibarko Izarrak 2011n abian jarritako bertso-eskolak 2016an bukatu zuen bere ibilbidea, 16/17 ikasturterako haur gutxik eman zuelako izena. Elgoibarko Udalaren asmoa proiektua indarberritzea da eta horretarako berriro jarri du abian bertso-eskola, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean.

Elgoibarko bertso-eskolak 8-12 urte bitarteko 11 ikaslerekin berrekin dio 2016an etendako bideari. Elgoibarko Udalak urrian jarri zuten abian, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean. Astean behin biltzen dira ordubetez Aita Agirre kulturgunean eta Eneko Beretxinaga soraluzetarra aritzen da irakasle lanetan. Baretxinagak bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da, bereziki, bertso-eskoletan, aisialdian eta hezkuntza arautuan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita. Bera da Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea eta 263 ikasle ditu bere ardurapean.

Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Urtez urte, LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartu ohi dute bertsogintza lantzen eskoletan, eta horri jarraipena eman nahian, biziberritu nahi izan du Udalak bertso-eskola.
 • Erronkak: egonkortzea eta sendotzea
Aurrera begira, bertso-eskola egonkortzea eta sendotzea izango direla erronka nagusiak aurreratu dute Udaletik. Hala ere, orain sortu berri den taldea jada itxita dago; beraz, aurrerago sor daitezkeen taldeetan izena emateko interesa duenak bere datuak eman beharko ditu Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean, telefonoz 943 744 366 zenbakira deituta, edo emailez euskara@elgoibar.eus helbidera mezu bat bidalita.

2020 11 09 bertso eskola elgoibar hasi butakagorrian 1

2020 11 09 bertso eskola elgoibar borobilean aitagirre

2020 11 09 bertso eskola elgoibar 2

2020 11 09 bertso eskola elgoibar 1

∞Lotura duten albisteak: