Aitor Etxeberria: "Jolasa eta geometriaren arteko harremana irudikatzen duen instalazioa da Didaktika"

Barren.eus 2020ko aza. 12a, 14:53

Aitor Etxeberria herriko margolari eta eskulturagilearen obra batek egingo die ongi-etorria aurrerantzean Mendarora iristen direnei. ‘Didaktika’ izena eman dio artistak lanari eta martitzenaz geroztik herriko sarrerako biribilgunean dago, apartetik ikusteko moduan, pisu eta tamaina handikoa baita eskultura. Arte moderno eta garaikideko lehen alea da Mendaron eskultura hau, bai eta Aitor Etxeberriak berak herriko espazio publikoan jarri duen estrainekoa.

Mari Jose Telleria herriko zinegotzi sozialistaren proposamenez jaso zuten 2020ko aurrekontuetan Mendaron Aitor Etxeberriaren obra bat jartzea. 30.000 euroko aurrekontua onartu zuten aurrekontuan, eta dagoeneko ikusgai dago instalazioa, nagusiki zementuz eta korten altzairuz egindako hiru pieza batzen dituena. Martitzen goiz osoa eman zuten Asketako langileek obra kolokatzen eta artistak berak zuzendu zituen lan horiek, goiko bideoan ikus daitekeen moduan.

Jolasa eta geometriaren arteko harremana irudikatzen duen proiektua dela azaldu du Etxeberriak. “Jostailuek, normalean, forma geometrikoak izaten dituzte, eta nik oso ohikoak ez diren bi jolas aukeratu ditut: diaboloa eta boloa. Bien arteko harremana bilatu dut eta bi forma horiekin sortu dut instalazioa. Beste leku baterako ikusten nuen egokiagoa, baina egia da herrian ditugun espazioak asko itxiko lituzkeela tamaina honetako obra batek”. Diaboloa irudikatzen duten bi piezak eta parez parte jarri duten forma bertikaleko hirugarren pieza, bolo-jokoko pieza izan zitekeena, zementuz eta korten altzairuz egin ditu, baina boloak badu halako beirazko tapaki bat gainean. “Nire lana bukatu da. Orain, espero dudana da denborak eta eguraldiak berea egitea, eskultura horren parte ere badelako. Denborarekin eta klimatologiaren eraginez obrak beste kolore batzuk hartuko ditu”, zehaztu du artistak.

ARGAZKI-BILDUMA

2020 11 11 aitor etxeberria didaktika eskultura ipinita mendaro rotonda

2020 11 11 aitor etxeberria didaktika eskultura ipinita mendaro 1

2020 11 11 aitor etxeberria didaktika eskultura ipinita mendaro 2

2020 11 11 aitor etxeberria didaktika eskultura ipinita mendaro biak

∞ Lotura duten albisteak: