Agortu dira Moko Zorrotza antzezlanerako sarrerak

Barren.eus 2020ko aza. 12a, 10:13

Txalo Produkzioak konpainiak 'Moko Zorrotza' antzezlana taularatuko du bariku arratsaldean, Herriko Antzokian. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak Juan eta Lauraren paperean arituko dira. Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, sarrera guztiak agortu dira.

Juan eta Laura. Laura eta Juan. Bizitza ulertu eta aurrera egiteko bi modu ezberdin dituzte, guztiz kontrajarriak. Baina halere, elkar maite dute. Institutuan ikaskide izan ziren, eta orain, 30 urtetako krisi amaigabean murgilduta, ustegabean egin dute topo. Gau batez, garai haietako gogorapen eta ametsak gaurkotuko dituzte… Ametsak eta algarak, barre eta negarrak, hutsune eta begiratuak, maitasunaren gehiegikeriak eta ezinezko amodioak bat egingo dute obran zehar. 

19:00etan hasiko da 'Moko Zorrotza' antzezlanaren emanaldia. Sarrera guztiak agortu direla jakinarazi dute Kultura Sailetik. Koronabirusagatik Herriko Antzokiko aforoa 190 lagunetara mugatu behar izan dute eta salgai zeuden sarrera guztiak saldu dituzte.