Mendaroko XVI. euskarazko ipuin lehiaketa abian da

Barren.eus 2020ko aza. 4a, 12:34

Mendaroko Udalak Mendaroko XVI. Euskarazko Ipuin Lehiaketa antolatu du, eta lanak 2020ko abenduaren 18a baino lehen aurkeztu behar dira. Hiru maila egongo dira.

Mendaroko Udalak nabarmendu du haur eta gazteen irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko helburuarekin antolatzen duela euskarazko ipuin lehiaketa. Hiru maila banatu dituzte: A maila (LH1, LH2, LH3, LH4ko ikasleak), B maila (LH5, LH6, DBH1, DBH2ko ikasleak) eta C maila (DBH3 eta DBH4ko ikasleak), eta maila bakoitzean ariketa ezberdina egin beharko dute. Ikasturte maila bakoitzean ebook bat zozketatzeaz gain, partehartzaile guztiek oroigarri bat jasoko dute saritzat.

  • A mailakoek ipuin bat irakurri eta ilustratu egin beharko dute, hau da, ipuina marraztea da helburua. Ipuinaren kopiak udaletxean, ludotekan eta liburutegian egongo dira. A4 formatodun orrian egin behar da marrazkia eta margo mota eta teknika guztiak onartuko dira.
  • B mailan, berriz, ilustrazio bat ipuin bilakatu beharko dute. Ilustrazioaren kopiak udaletxean, ludotekan, gaztelekuan eta liburutegian egongo dira. Ipuinak euskaraz idatzi behar dira eta gehienez bi orrialdekoak izan behar dute, eskuz edo ordenagailuz idatziak.
  • C mailako partaideek ematen den gaian oinarritutako komiki edo bineta sortu behar dute. Parte hartzeko orri eredu lagungarria udaletxean, liburutegian edo gaztelekuan eskuratu daiteke. Eskuz zein ordenagailuz sortu daitezke komikiak eta ezinbestekoa da euskaraz idatziak izatea. Teknika eta materiala guztiz libreak dira eta A4 tamainako orrialde bakar batean aurkeztu beharko dira.

Lanak 2020ko abenduaren 18a baino lehen aurkeztu behar dira. Goitizen batekin sinatu beharko da lana eta goitizen berdina duen gutunazal baten barruan jarri behar dira izen-abizenak, ikasturte maila eta harremanetarako telefono bat. Lanak Mendaroko Udalean aurkeztu beharko dira, posta arruntez, emailez edo eskura, eta ez dute epez kanpo aurkeztutako lanik onartuko. Aurkeztutako lanak Mendaroko Udalaren jabetza izatera pasako dira, eta epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da. Aurkeztutako lanen maila egokia ez bada, lehiaketa epairik gabe utzi ahal izango da.
Zalantzarik izanez gero, udaletxeko 3. Solairura bertaratzeko esan dute.

 • Idazte-marrazte ikastaroa
Bestalde, gogoratu idazte-marrazte ikastaroa dagoela abenduaren 4an, B mailakoentzat 17:00etan eta C mailakoentzat 18:30etan.

∞Lotura duten albisteak: