Eñaut Elorrietaren kantaldiarekin hasi dute ‘Tertuliak’ egitasmoaren ikasturte berria

Barren.eus 2020ko urr. 22a, 13:13

Atzo eman zioten hasiera Tertuliak egitasmoari Eñaut Elorrietak IMHko museoan eman zuen kantaldiarekin. Edukiera mugatuan eta eszenatoki goxo eta intimoan gozatu zuten kontzertuaz Tertulietako kideek. 

Aurreko ikasturtean ezin izan zioten astero biltzeko dinamikari eutsi, koronabirusa dela-eta, baina aurtengoan gauzak hobeto joango diren esperantzarekin ekin diotela esan dute antolatzaileek. Oraindik izen-ematea zabalik dago eta ez dira talde guztiak osatu, baina dagoeneko 35 lagun inguru daude izena emanda. Interesatuek Elgoibarko Izarra (943 741 626) edo herriko bi euskaltegietara deitu dezakete: Udal Euskaltegia (943 742 731) edo AEK Euskaltegia (607 601 423). Euskaraz berba egiteko erraztasunik edo aukerarik ez daukatenei zuzenduta dago, batez ere egitasmoa. Talde txikitan biltzen dira, astean behin, ordubetez euskaraz tertulian jarduteko. Talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den lagun bat egoten da saioa gidatzeko. 2021ean 20 urte beteko ditu Tertuliak programak.