Iñigo Cearsolo da Zumarragako bandako zuzendari izateko hautagaietako bat

Barren.eus 2020ko urr. 15a, 10:48

Zuzendari bila dabil Zumarragako Musika Banda, eta aukeraketa prozesu bitxia jarri dute abian: Zuzendari izateko galbaea pasa duten lau hautagaiek kontzertu bana eman beharko dute bandarekin eta musikariek erabakiko dute zeinekin geratu. Iñigo Cearsolo elgoibartarra da hautagaietako bat.

Luis Orduñak (Barañain, 1980) Zumarragako Musika Bandako zuzendari izateari laga zion Gasteizkoa zuzentzeko. Otsailean izan zen hori, eta zuzendari berriaren bila hasi zen banda. Interesatuei curriculumak bidaltzeko eskatu zieten, eta demaseko arrakasta izan zuen deialdiak, 50 bat hautagai aurkeztu baitziren, besteak beste, bandako zuzendarien Espainiako elkarte batek ere eman zuelako deialdiaren berri. Hala, Sevillatik edo Jaendik ere ailegatu zitzaizkien eskaerak Zumarragako Musika Bandara. Aukeraketa erraztu aldera, Euskal Herriko zuzendari bat aukeratzea erabaki zuten.

 • Lau hautagai batuta bakarrarentzat

Aurkeztutako hautagaien artean hamazortzi ziren euskal herritarrak, eta eurei buruzko informazioa eta bideo bat bidaltzeko eskatu zieten. Horiek aztertu eta gero, lau hautagai aukeratu zituzten: Arkaitz Mendoza donostiarra, Aitor Biain oñatiarra, Ane Legarreta galdakaoztarra eta Iñigo Cearsolo elgoibartarra. Zuzendari izateko hautagai bakoitzak zazpi entsegutan zuzendu beharko du banda eta kontzertu bat eman gero. Iñigo Cearsolok zuzenduko duen kontzertua, hirugarrena, 2021eko apirilaren 25erako iragarri dute. Cearsolok badauka esperientzia bandak zuzentzen zuzendari ikasketak bukatu ostean, Debabarreneko orkestra sinfonikoa zuzendu baitu eta Getariako musika banda ere gidatu izan du, zuzendari gonbidatu gisa.

Elgoibarkoa moduan, ibilbide luzeko banda da Zumarragakoa, iaz 150 urte bete baitzituen.

2020 10 15 Zumarragako musika banda otamotz

 Lotura duten albisteak: