Urriaren 30ean, barikua, emango dute 'Mundu Bat Motxilan' filma, San Agustin kulturgunean, 19:00etan. Aforoa 80 lagunera mugatu dute eta debalde izango da. Hori bai, sarrerak Mendaroko liburutegian hartu behar dira, agortu baino lehenago.
Alex Txikon (Lemoa, 1981) mendizale ezagunak Himalayan eginiko zortzimilako igoerei eta bizitzari buruzko hausnarketak batzen ditu filmak, Unai Ormaetxeak idatzitako 'Mundu bat Motxilan. Alex Txikonen menditazioak' liburua oinarri hartuta. Bi ekoizpenak euskarazko jatorrizko lanak dira.
Honela aurkeztu izan du ikus-entzunezko lan hau Alex Txikon berak: “Zerk egiten dizu tilin? Zein da irrika hori? Ni ere artean, ez nekiela- halatsu abiatu nintzen bizialdian, behin begiek dir-dir egin zuten arte Gorbeako mendi magalean. Orduan ohartu nintzen bizitza bi eratara bizi litekela; dena mirakulua balitz bezala, edo ezer mirakulua ez balitz bezala. Eta horrela, jakin minaren jostakin, bultza egiten duen argi horren atzetik, mendia bilakatu zen nire irla jostalaria; mundu magikoa. Errege txiki bat naturaren erresuman: noiznahi arrano, noiznahi suge, noiznahi lore... Dena bukatu eta hasten den lekua da hau: mundu bat motxilan. Prest espedizio honetan nire birkarzain 'motx' izateko? Bizitza bizitzeko? Euskara munduko zapaira eramateko? Emozionatu eta emozionarazteko? Erdu, ba, lotu sokara, elkarrekintzan bidea egitera”.