“Ezberdina bezain eder” haurrentzako euskarazko ikuskizuna, Bolatokiko parkean

Barren.eus 2020ko urr. 9a, 14:35

'Ezberdin bezain eder' ipuin musikatua izango da pandemia hasi zenetik umeentzako antolatu duten estreinako ikuskizuna. Bolatokiko parkean izango da, urriaren 16an.

2020 10 09 ikuskizuna haurrentzat elgoibar udala kartelaCOVIDak eragindako egoeraren ondorioz, Atxutxiamaikak, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan, udaberrian eta udazkenean antolatzen duen Kiribilduz egitasmoa bertan behera geratu zen, horregatik, ez da Kiribil barraskiloaren saiorik izan Maalako parkean. Ludotekak ere ateak ireki dituen arren, aire libreko ekintzak antolatzeko apustua egin du. Hori dela eta, Elgoibarko Udalak, Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak indarrak batu, eta herrian euskararen transmisioa eta euskal kultura sustatzeko beste aukera batzuk aztertu dituzte. Gainera, umeak, konfinamenduaren ondorioak bizitzen ari dira, eta "irrikitan daude berriro ere kale-ekintzekin gozatzeko". 

Horregatik, lehen ikuskizuna kalean izango da, espazio irekian, eta beharrezko covid neurriak hartuko dira. Eta gainera, ez da ikuskizun bakarra izango, bi izango dira, lehenengoa, 17:30ean, HH3-HH5 bitartekoentzat, eta bigarrena (Bertoko eta Urrutiko ipuinak), 18:30ean, LH1-LH6 bitartekoentzat.
 • 'Ezberdin bezain eder'
Nerea Ariznabarreta ipuin kontalariak eta Mariano Hurtado musikariak emango dute “Ezberdin bezain eder” ikuskizuna Bolatokiko parkean (euria egiten badu parrokiako arkupeetan). Ikuskizuak pertsonen arteko aniztasuna izango du hizpide eta “Txirula izan nahi zuen kontrabaxua”, “Milaka koloretako eguzki-izpi arraroa” eta “Ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa” izango dira entzun ahal izango diren narrazioetako batzuk. Zuzeneko musika izango da istorio horien narrazioarekin batera. Informazio osoagoa: naita.eus