'Txor txor' umore bakarrizketa, Mendaron

Barren.eus 2020ko urr. 7a, 18:15

Beatriz Egizabalek "Txor txor" umore bakarrizketa taularatuko du Mendaron zapatuan, hilaren 10ean. Euskaraldia gizarteratzeko helburua du bakarrizketa honek.

Mendaroko Udalak 37 talde, eragile eta zerbitzuei bidali die antzezlan hau ikusteko gonbidapena, eta ez dute sarrera gehiago salgai jarriko. Hala, mendaroarrak bakarrik joan ahalko dira ikuskizuna ikustera. Koronabirusagatik egingo dutela era horretan jakinarazi du Udalak. Urriaren 10ean izango da emanaldia 18:00etan, San Agustinen.

Beatriz Egizabalek euskaldunek eguneroko egoeretan euskararekiko dituzten harremanei buruzko gogoeta egingo du "Txor txor" bakarrizketan. Hizkuntzak gure bizitzak nola zeharkatzen dituen aztertzen du, ikusleen artean euskararen erabilera sustatzeko. Mendaroko Udalaren gonbidapena jaso dutenek, urriaren 9ra arte jaso ditzakete sarrerak udaletxean.

 • Txor Txor, sinopsia
"Txor txor... euskaraz aritzeko gogoa dut, zurekin/ zuekin, eta zuk nirekin/ gurekin? Berriketan, jolasean, umorez, serio... gauden lekuan gaudela. Izan ere, norbaitek noizbait oparitua, etxerik gehienetan da puzzleren bat, bere kaxan gordea, osatzen sekula hasi gabea. Eta puzzleak kaxan ez du zentzu haundirik. Egungo Euskal Herrian etxerik gehienetan da euskararekiko maila bateko edo besteko ezagutza. Baina euskarak ere, kaxan gorderik aukerak galtzen ditu. Dugun maila dugula, erabiltzea ederra da; aukera ezin hobea euskara ere puzleen modura osatzeko: ertzetatik hasi eta gunera ekarriz amaituta".

2020 10 07 txor txor bakarrizketa mendaro