'Erase una vez... Euskadi' filmerako eszenak grabatzen ari dira Elgoibarren

Barren.eus 2020ko urr. 6a, 15:52

Duela egun batzuk etorri ziren aurrenekoz eta gaur berriro etorri dira 'Erase una vez... Euskadi' filmekoak grabazio lanetara.

Santa Klara kalea grabazio gune erraldoi bihurtu du 'Erase una vez... Euskadi' pelikulako lantaldeak. Teknikoak, aktoreak, kamioiak ilaran, kableak, fokuak, kamerak, catering-erako karpak... ikus daitezke Santa Klarako komentua zegoen paretik aurrera. Soarte Argazkiak dendaren gainean dagoen etxebizitza batean ari dira grabazio lanak egiten. Tela beltz batekin dute estalia etxebizitzaren balkoia, eta kamera eta argiak ipintzeko grua bat lehioetako baten parean. Joan den irailaren 25ean ere leku berean aritu ziren eszenak grabatzen, eta gaur berriro etorri dira. Eguerditik gauera arte lanean aritzeko asmoa dute.

La Canica Films zine ekoiztetxea 1985ean girotatuko filma grabatzen ari da. Filmaketa lanak abuztuaren 31n hasi zituzten eta hainbat herritan grabatu dituzte eszenak: Soraluzen, Arrasaten, Elgetan, Eibarren, Legazpin, Zumarragan, e.a.
Filmeko protagonistak hamabi urteko lau ume dira: Marcos eta bere lagun Jose Antonio, Paquito eta Toni. "Istorioaren helburua da hamabi urteko lau umeren begiradatik igarotzea 80ko hamarkadako Euskadi hori, bizi, gozatu eta sarritan negar egiten dugunengan arrasto handia utzi zuena ",adierazi izan du filmea zuzentzen ari den Manu Gomezek, bere estreinako luzemetraiaz.
Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garcia aktoreak dira filmeko lau protagonistak. Haiekin batera ari dira Luis Callejo, Marian Alvarez, Ruth Diaz, Aron Piper, Jon Gonzalez, Pilar Gomez, Vicente Bergara, Vicente Romero, Maria Isasi, Maria Alfonsa Rosso, Rafa Martin, Josean Bengoetxea, Eriz Alberdi eta Betiza Bismark. Soraluzen egin zituzten grabaketa lanetan ikus ditzakezue aktore protagonistetako batzuek lanean plaentxia.eus-en.

2020 10 06 erase una vez euskadi filma grabaketak elgoibar kamioiak

2020 10 06 erase una vez euskadi filma grabaketak elgoibar balkoia

2020 10 06 erase una vez euskadi filma grabaketak elgoibar

2020 10 06 erase una vez euskadi filma grabaketak elgoibarV1