“Udazken-negurako diskoa irten zaigu eta gustura gaude emaitzarekin”

Barren.eus 2020ko urr. 2a, 12:03

Rodrigo Amarante musikari eta konpositore brasildarrari eta Enrique Morente flamenko kantari espainiarrari dien miresmena adierazteko hartu zuen ‘Amorante’ izen artistikoa Iban Urizarrek (Elgoibar, 1975), bakarkako proiekturako. 2014ko martxoan eman zuen estreinako kontzertua Azkoitiko Matadeixen, musikalki askotan harremandu duten Maite Arroitajauregi ‘Mursegorekin’ batera. Geroztik dozenaka kontzertu eman ditu, eta estreinako diskoarekin dator orain: ‘Bat edo hiru’. Aitor Etxebarriaren Forbidden Colours diskoetxearekin ekoitzi du, eguaztenean aurkeztu zuen Bilbon eta promozio lanetan dabil orain hara-hona. Telefonoak hirutan jo dio solasaldian zehar ere. Ez du ezkutatu neketsua zaiola “saltzen” jardun beharra, baina hori ere, gaur, musikariaren egitekoa da.

 • Badira bost-sei urte zure bakarkako proiektua hasi zenuenetik. Geroztik eman dituzu dozenaka kontzertu eta EP digital bat eta single bat ere sortu dituzu, baina hauxe duzu zure aurreneko diskoa. Ustez irakurria dizut ez zinela zure lana diskoan eman zalea. Zergatik orain?
Esan banuen, diskoa ez argitaratzeaz baino gehiago diskoa CD formatoan argitaratzeaz ariko nintzen ia seguru. Beti izan dut gogoa euskarri fisikoan zerbait emateko, baina beti esan izan dut musika entzuteko euskarri erabat zaharkitua iruditzen zaidala CDa. Nik neuk ere ez ditut erabiltzen ia. Spotify plataforma digitala erabiltzen dut gehiago. Plataforma digitaletan inoiz ez beste musika daukagu esku-eskura, espazio fisiko batean inoiz kabituko ez litzatekeen katalogoa eskaintzen digute. Horrek musika entzuteko modua aldatu du, jakina. Disko denda gehienak ere itxi dituzte, eta irauten duten bakarrak binilozko diskoen aldeko apustua egin zutenak izan dira. Uxue Alberdiren 'Dendaostekoak' liburuan ere argi esaten zaigu: ‘CDen aroa amaitu da’. Formato baten alde egitekotan, nik gustuko ditudanetako baten alde egingo nuke beti eta oraingo hau biniloan eman dut argitara, iruditzen zitzaidalako kantuen ezaugarriengatik biniloan eman behar nuela. Biniloa beste liturgia bati lotuta dago. Ez dut erromantiko jarri nahi, baina konexio sakonagoa eskaintzen du musikarekin. Nolanahi ere, diskoa plataforma digital guztietan ere badago entzungai.

 • ‘Egiten dudanean saiatuko naiz diskoa mimatzen’, esan zenuen. Azalaren eta tipografiaren inguruko detaileak aletu dituzu sare sozialetan, mimoz. Gustura zaude emaitzarekin?
Oso gustura. Diskoa mimoz egin dugu, bai, eta estetika ere zaindu dugu, inportantea delako, eta are gehiago egun, objektuagatik pagatzen dugulako musikagatik baino gehiago, musika dezentez merkeago, edo are, debalde ere entzuteko aukera ematen digutelako plataforma digitalek. La Caja de Tipos diseinu enpresak hartu du diseinuaren ardura, Ander Sanchez eta Maria Saez lagunek. Ander Sanchezek egiten zizkigun guri Sinuöseren hasierako kartelak eta izugarri gustatu izan zaizkit beti. Diseinuan oso jantzita daude biak, ni ez bezala, eta niretzat luxu bat izan da haiekin lan egitea. Berez, ni ez naiz oso emana gauza hauetara, ez nago oso jantzia marketin kontuetan ere, baina egia da lana non, nola eta zein neurritan erakusten den oso garrantzitsua dela. Ni ez naiz sekretu guztiak haizatzearen aldekoa, eta beharbada ez nukeen hala egingo neure gain hartu izan banu lan hori, baina ni baino jantziagoak direnei kasu egin diet.

2020 10 02 amorante bat edo hiru arg guillermo latorre

 • Zuzenekoetatik ezagutzen zaitugu, eta zuzenekoetan ohituak gaituzunetik diskoan entzun dugunera salto halako bat igarri dugu. Zuzenekoetan Amorante ludikoago bat ageri zaigu. Diskoa ilunagoa-edo egin zaigu eta entzulego mugatuago bati lotua irudikatu dugu.
Nire jarduna zuzenekoetarako pentsatuta dago. Entsegu guztiak zuzenekoetan pentsatuz egiten ditut. Oholtzan gauzatzen da nire proiektua, ikusle-entzuleekiko hartueman zuzenean. Horregatik esaten dut nire kantuak beti daudela laborategian. Kontzertuz kontzertu nabilenean, errepikatzen ari naizen sentsazioa ere izaten dut batzuetan, eta hori saihesteko, kantu guztietan lagatzen dut tarte bat zabalik momentuan betetzeko; ‘Idatzi hemen’ halako bat, badakizu. Soinuak eta melodiak sortu eta kantua momentuan eraikitzea gustatzen zait. Kantuek badute konposaketa bat, jakina, baina momentuan-momentuan eraikitzen dut asko, eta kantuak kontzertutik kontzertura aldatzen dira. Erosoago sentitzen naiz gidoirik gabe. Estudioan grabatzea nekagarriagoa zait; ezin dut uka. Hala ere, nik ez dut erabakitzen diskoan moldaketa bat sartu edo ez, zuzenekoan pentsatuz. Bi jardun paralelo dira. Diskoan zuzenean joko ez ditudan gauzak daude, eta era berean, diskora eramatea zentzurik ez duen gauza asko jotzen ditut zuzenean. Elkar elikatzen diren bi jardun dira niretzat zuzeneko lana eta estudiokoa. Eta diskoa jendeaurrean defenditzeaz zer esango dizut? Ez da nire asmoa. Zazpi kantuko diskoa da, eta horietatik lau zuzenekoetan jotzen ditut, beraz, beste askok baino portzentaje handiagoan defendituko dut, nahiz eta a priori zaila eman dezakeen. Nolanahi ere, ez dut zuzenean defenditzeko egin. Zuzeneko jardunetik bereizita sortu dut diskoa.

 • Heriotzaren gaia dantzan dabil disko osoan zehar. Bizi dugun garaiarekin lotura du, akaso?
Diskoa abenduan grabatu nuen, pandemia hona iritsi aurretik, baina bai, diskoa iluna irten da, pandemiaren gogorrenean sortu izan bagenu bezala. Hasi ginenean, urtebete zen aita hil zitzaigula, osaba Jose Mariren [Ondarza] heriotza ere oso presente neukan artean eta dolu-prozesu guzti horri aurre egin behar izan nion, seme-alabak heriotza ondo ulertzeko umeegiak diren garai batean. Baina irakurketa hori orain egin dut, diskoa grabatu ondorenean. Ez da kontzienteki egin dudan zerbait izan. Bai, udazken-negurako diskoa irten zaigu, eta gustura gaude emaitzarekin.

 • Musikari askorekin eta askorentzat lan egindakoa zara, baina disko honetan kolaborazioak puntualak dira.
Hala da, bai. Diskoko instrumentu guztiak nik jo ditut, baina hiru bat kantutan, Mariano Hurtadok kontrabaxuarekin lagundu dit eta Joseba Irazokik gitarra-orro bat sartu du Condor kantuan. Letra gehienak, berriz, nireak dira. Ez naiz sekula letrista ona izan edo ez dut nire burua halakotzat izan, baina garbi xamar izan dut zer kontatu nahi nuen. Bestela, Joxan Artzeri hartu diot Ama hil zaigu eta Uxue Alberdik idatzi dit Juliana. Donostiako Trinitate plazan egin zen esklabu salmenta baten inguruko kanta da Juliana. Ekoizpen lanak Aitor Etxebarriak egin dizkit. Intuizioz lan egiten du, eta ukitu txikiak egin ditu diskoan, finak. Oso eskertua nago.

 • Zazpi kantu biltzen ditu diskoak. Entzungai jarri zenuten aurrenekoa, Joxan Artzeren ‘Ama hil zaigu’ poemaren bertsio musikatua da. Mikel Laboak ere musikatu zuen eta ‘Bat-Hiru’ disko arrakastatsuan (1974) eman zuen. ‘Bat edo hiru’ jarri diozu zuk izenburua zure lanari. Zer dela eta izenburu hori? Loturarik badu Laboarekin?
Bai, badu lotura-halako bat, baina lotura ez da kantu partikular honekin eta ezta Mikel Laboarekin bakarrik ere. Izenburuarekin lotuta badaude arrazoi batzuk, esan asmo ez ditudanak, eta badago esplikazio erreal bat, hau: Askotan esaten didate hau dela nire estreinako diskoa, baina aurrez baditut EP digital bat eta single bat sortuta. Beraz, bai, hau nire hirugarren erreferentzia da, baina nire lehenengo diskoa da? Horri egiten dio aipamena Bat edo hiru izenburuak.

2020 10 02 amorante bat edo hiru arg joxe areta goñi 1

 ∞ Lotura duten albisteak: