Eri Makita argazkilari japoniarraren irudien erakusketa, Kultur Etxean

Barren.eus 2020ko ira. 30a, 11:08

"Japoniko kulturan perfekzio eza ez da inondik ere akatsa. Arroztasun sentimenduek zein emozioek izaera unibertsalagoa dute. Eri Makitaren irudiek, mendebaldeko kulturaz blai, hala helarazten digute", adierazi dute Ongarri argazkilari taldekoek antolatu duten azken argazki erakusketaz.

Urriaren 2tik 17ra bitartean ikusi ahal izango dira Eri Makita argazkilari japoniarraren irudiak, Elgoibarko Kultur Etxean. Astelehenetik zapatura egongo da irekita erakusketa, 18:30etik 20:30era. Ongarri argazkilari taldeak antolatu du, Elgoibarko Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean.

"6x6 zentimetroko reflex kameraren argazkia ateratzeko botoia kliskatu aurretik hartu ohi hausnarketarako denborak eta bere patxadak harritzen ditu Eri Makita argazkilaria ezagutzen dutenak. Klik egin aurretik inguratzen duen munduari zatitxo bat lapurtzea lortzen du", azaldu dute Ongarri taldekoek.

Eri Makita Japoniako Chiba prefeturan jaio zen 1968an. Tokioko unibertsitatean matematikak ikasi zituen, baina 25 urterekin hasi zuen argazkilaritza ibilbidea. Bere lanak hainbat museo eta arte galeriatan erakutsi dituzte, besteak beste, Frantzian eta Japonian. Gaur egun Japoniako Yamanadshi prefeturan bizi da, naturaren iheskortasuna bere kamerarekin harrapatzeko ahaleginean.

2020 09 30 eri makita argazki erakusketa ongarri elgoibar