Amaia Nausia: “Europan izan den feminizidio handiena izan zen sorgin ehiza”

Barren.eus 2020ko ira. 25a, 09:02

Amaia Nausia Pimoulier historialariak (Iruña, 1982) 'Emakumeen egoera Nafarroako konkistaren testuinguruan' izeneko hitzaldia eman zuenjoan den martxoaren 11n, 'Aro Modernoa: Euskal Herria mundura zabaltzen' hitzaldi zikloaren barruan Elgoibarren. Koronabirusaren pandemiak zikloa bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak: Elgoibarko Izarra eta Udala.

 Hala, Jose Antonio Azpiazu Elortza historialari eta antropologoakarmagintzaren inguruan ematekoa zuen hitzaldia eta Javier Elorza Maiztegi historialariak Elkanok eta euskal marinelek munduari lehen biraeman zuten garaiaz eman behar zituen azalpenak entzun gabe gelditu ginen. Iraila hasteaz batera batu dira antolatzaileak, zikloari berriro noiz eta nola heldu aztertzeko, baina egoera zein den ikusita, geroagorako uztea erabaki dute, zehaztu gabe noiz helduko dioten. Bitartean, koronabirusak eragindako eten hartan eman gabe laga genuen elkarrizketa ekarri dugu aste honetako BARREn aldizkariko orrietara. Bideoan ere ikus dezakezue Amaia Nausia historialari nafarrak Kultur Etxean eman zuen hitzaldia.

  • Historian beti sailkatu izan gaituzte genero ikuspuntuaren arabera, baina zergatik da horren berezia XVI. mendea?
Hasteko, Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizio mende bat delako Europan. Gaur egun ezagutzen ditugun estatu modernoak ere mende horretan sortutakoak dira, eta eraikitzen ari ziren estatu horiek, monarka berri horiek, helburu bat izan zuten: Erdi Aroan jauntxoen artean banatua zuten boterea zentralizatzea eta gizarte-eredu berria sortzea. Disziplinamendua jarri zuten martxan, eremu publikoan zein pribatuan. Horretarako, familia eta hezkuntza instituzioan oinarritu zen estatua. XVI. mendean, Trentoko Kontzilioa egin zuten [Erreforma protestanteari erantzuteko eta dogma eta sinesmen katolikoa indartzeko elizako kargu nagusiek egin zuten batzarra], Erreforma eta Kontrarreformaren garaia ere izan zen, eta testuinguru horretan beste aldaketa batzuk ere eman ziren. XVI.mendean, familia eta hezkuntzaren instituzioak funtsezkoak bihurtu ziren estatuarentzat, ulertzen zutelako familia bakoitza estatu txiki bat zela eta estatu txiki horrek ondo funtzionatzen bazuen, estatu handiak ere ondo funtzionatuko zuela. Horretarako familiakide bakoitzak oso argi izan behar zuen zein zen bere rola. Agindua argia zen: gizona izango zen pater familias, etxean nahiz etxetik kanpo aginduko zuena, eta emakumea gizonaren esanetara egongo zen beti, eta batez ere, ama izatea izango zen bere eginkizuna. XVI. mendean emakumeok hainbat eskubide galdu genituen, batez ere eremu publikoan, eta eremu pribatura zokoratu gintuzten: familiara, zaintzaren arduretara eta erreprodukziora. Emakume idealaren inguruko eskuliburu asko argitaratu ziren, emakumeek argi izan zezaten nolakoakizan behar ziren, emakume ezkondu perfektua, alargun perfektua edo neskame ideala izateko.

 • Emakumeak orduan ere jopuntuan. Zergatik?
Betidanik, patriarkatuaren sorreratik, badago emakumearen inguruan ikuskera negatibo bat, uste delako emakumeak arriskutsu garela emakume izate hutsagatik. Arrazoi biologikoak eman izan dituzte hori argudiatzeko: gu ahulagoak garela, batez ere arrazionalki. Ez zaigu pentsatzeko gaitasunik aitortzen, eta ‘inozoagoak’ garenez, ezin ditugu gure pasioak kontrolatu, eta horregatik, ‘tentagarriak’ gara, eta jakina, arriskuan jartzen ditugu gizonak. Horregatik izan behar gara beti gizon baten menpeko. XVI. mendean, baina, diskurtso patriarkal horri kapitalismoa sortu zela gehitu behar zaio. Sortu berri zen kapitalismo horrek eskulana behar zuen produkzioa handitzeko eta ezinbestekoa zitzaion haur gehiago jaiotzea, eskulana ziurtatzeko. Eta justu, garai hartan, XVI-XVII. mendean, Europan krisi demografiko handia izan zen. Oinarrizko produktuak izugarri garestitu ziren, pobrezia hazi egin zen eta jendeak herrietatik hirietara alde egin zuen saldoan, aukeraren baten bila. Biztanle kopuruak heren bat egin zuen behera Europan [izurri beltzaren garaitik Europak ez zuen halakorik ezagutzen]. Horregatik guztiagatik jaiotza-tasa zaintzea estatu kontu bihurtu zen, eta horregatik, era berean, hainbeste liburu eta hainbeste esfortzu emakumeen sexualitatea kontrolatzeko. Horregatik galdu zuen emakumeak horrenbeste eskubide, esaterako hau: etxetik kanpo hainbat ofiziotan lan egiteko eskubidea. Sexualitatearen kontua ere malguagoa zen Erdi Aroan eta ezkontzaren gaia ez zegoen horren araututa. Horregatik guztiagatik ez da harritzekoa sorgin ehiza ere mende honetan ematea.

 • Sorgin ehiza aztertu duzu. Zeintzuk ezaugarri zituen?
Emakumeen kontrako disziplinamendu bat izan zen sorgin ehiza. Kasuen %80-90ean salatuak emakumezkoak izan ziren, gehienetan alargunak edo bakarrik bizi ziren emakumeak, gizon baten menpe ez zeudenak, nolabaiteko autonomia eta nortasuna zutenak. Badakigu kasurik gehienetan herriko sendagileak edo emagin lanak egiten zituztenak izan zirela sorgintzat hartu zituztenak, eta ez da zaila asmatzen horren arrazoia: amei umeez erditzen laguntzen zieten, baina abortatzen ere laguntzen zieten haurdunei eta haurdunaldiak saihesten ere bai beste emakume batzuei. Europan 100.000 lagun baino gehiago hil zituzten sorginkeria leporatuta. Modu antolatu eta sistematiko batean egin ziren hilketa horiek guztiak. Aitzakia bat izan zen sorginkeria, eta oso eraginkorra, bide batez esanda.

2020 09 25 amaia nausia hitzaldia elgoibar barren v1

 • Aro Modernoa deitzen da, baina Erdi Aroa baino ilunagoa izan zen itxuraz. Ala?
Bai. Moderno hitzak despisterako bidea eman dezake, baina ez dugu ahaztu behar iraganaren irakurketa gizonen begiradatik egiten dugula beti eta haien ikuspuntutik dela Modernoa aro hori. Erdi Arotik Aro Modernorako trantsizioari ere Berpizkunde deitu izan zaio, baina horrexegatik da. Tesirako bibliografia irakurtzen ari nintzenean, ¿Tuvieron las mujeres renacimiento? artikuluarekin
egin nuen topo. Guk ez dugu berzpikunderik izan, ez. Gure ikuspuntutik, Aro Modernoa atzerapausoa izan zen. Kapitalismoaren ikuspuntutik eta androzentrismo horretatik normala da, baina, Moderno deitu izana. Patriarkatuak hasieratik esplotatu zuen emakumeen erreprodukziorako gaitasuna eta patriarkatutik ikasi zuen kapitalismoak produkzio gaitasuna handitzen, besteak esplotatuz

 • Historia berridaztea dagokigu hortaz.
Bai. Begirada aldatu behar dugu. Genero historiografia egiten dugunok beti esaten dugu galderak aldatu behar ditugula. Esaterako, nire aurrekoek oso-oso ongi ikertu dute sorgin ehiza Euskal Herrian. Izenak eta datuak bildu dituzte, eta mapak, eboluzioa eta auzitegien papera [auzitegi zibilena nahiz Inkisizioarena]... aztertu dituzte. Lan ikaragarria egin dute, baina badago galdera
bat erantzun gabe utzi dutena: zergatik ziren auzipetuen %80-90 emakumezkoak? Horri erantzun behar diogu, Europan izan zen feminizidio handiena izan zelako. Sinestarazi digute historian gu
ez garela garrantzitsuak izan, eta hori bada baita emakumeen kontrako indarkeria mota bat, menpe edukitzeko modua den heinean. Non ez gara garrantzitsuak izan? Gizonak protagonistak ziren eremuetan, botere guneetan, oso emakume gutxi egon dira, bai, eta egon direnek, gainera, balio oso maskulinoak hartu zituzten, botere hori gauzatzeko. Baina beste eremu askotan historia egin dugu. Jakinduriaren eta emozioen ahozko transmisioan esaterako, emakumea protagonista izan da, eta argia eman behar diogu horri guztiari, horren kontzientzia hartzeak askeago egingo gaituelako

 • Sorgin ehiza Inkisizioarekin lotu izan da urteetan, baina auzitegi zibilek ere jazartu zituzten emakumeak.
Topiko bat izan da hori. Egia da Inkisizioak protagonismo handia izan zuela, baina datuek erakusten dute hasiera batean, XVI. mende hasiera horretan, jazarpen handiagoa egin zutela auzitegi
zibilek. Adibidez, hemen, Nafarroako Piriniotan, Balantza lizentziatuak ekin zien sorginkerian aritzeagatiko prozesuei. Balantzari Nafarroako Errege Kontseiluak mandatu bat eman zion: kondenatuak herrietan bertan exekutatzea, harrapatuak izan ez zirenentzat eta laguntzaile izandakoentzat zigor eredugarria izan zedin. Eta hala egin zuen. Ezaguna da 1525eko ekainean Auritzen egindako exekuzio publikoa, ordu arte ia inoiz ikusi ez bezalakoa. Hainbat lagun exekutatu zituzten, Nafarroako Gorte Nagusiaren aginduz, eta ez Inkisizioaren aginduz. Auzitegi Zibilek heriotz zigor gehiago ezarri zituzten Inkisizioak baino. Era berean, argi ikusten da herri protestanteetan emakumeen kontrako heriotz zigor gehiago izan zirela herri katolikoetan baino. Ez naiz ni erlijio katolikoaren defendatzailea eta ez dut izan nahi gainera, baina datuak argiak dira. Sorgin ehizari amaiera eman ziona ere inkisidore bat izan zen: Alonso Salazar y Frias.