Uxue Alberdi: "Denda baten, bizitzeko modu baten, eta elkarri eusteko modu baten taupada bildu nahi izan dut"

Barren.eus 2020ko ira. 25a, 09:06

'Dendaostekoak' kronika literarioa aurkeztu du Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984), bere seigarren liburua. Denda baten (Pitxintxu) eta garai baten historia da, nagusiki bi ahotsek kontatua. Izaskun Estibaritzena da ahots bat, eta Mari Jose ahizparena bestea, eta bien arteko maitasun eta konplizitate istorioa da ‘Dendaostekoak’, haien mundua harrapatzeko ahalegin bat. Idazleak berak dio Xabier Gantzarainek eman diola liburua zer den galderarentzako erantzunik azertatuena azalean. “Ornitorriko bat da liburua. Hibrido sailkaezin bat. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie batentzako paperezko etxe bat bere irudira egina”. Alberdik Aita Agirre kulturguneko areto nagusian aurkeztu zuen liburua, joan den eguaztenean (bideoan ikus dezakezue)

2020 09 23 dendaostekoak uxue alberdi aurkezpena elgoibar barren 2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren

 • Badakigu etiketatzea zaila dela, baina ondo dakizu kazetarioi zenbat gustatzen zaizkigun etiketak. Zer da liburu hau?
Kontakizun bat da, narrazio bat, ez fikziozkoa. Ez neukan gogorik niretzat hain hurbilekoa den zerbait fikzionatzeko, baina ezta kazetaritza deitzen dugun horretatik jotzeko ere. Kontatu nahi nuen istorioan inplikatzeko, literaturaren beharra sentitu nuen, eta informazioa jasotzeko orduan kazetari modura jardun dudala esan daitekeen arren, liburua kazetari-lan bat baino induzituagoa dela esango nuke. Ez dago liburuan nik asmatutako ezer, ez dago beraiek esan ez dutenik ere, baina beraien diskurtsoa antolatu eta narrazioari interesatzen zitzaiona apartatu dut, atalak nahieran josi, oihartzunak sortu. Beraz, galdetu diet niri interesatzen zitzaizkidan gauzei buruz, baina ez horrenbeste pertsonalki interesatzen zitzaizkidan gauzei buruz, baizik eta narrazioari interesatzen zitzaizkionei buruz. Liburuaz Harkaitz Canok esan izan dit ez dagoela kazetariaren eskafandratik idatzita, ezpada idazlearen buzotik. Kronika literarioa deitu diogu, fikziorik ez duenez ez delako nobelaren kontzeptu tradizionalean sartzen, baina gaur egun, Espainian eta Hego Ameriketan hau nobela bat litzateke, inolako arazorik gabe.

 • ‘Miñan’ [Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallusek eskuz idatzitakoa] nobelatzat saldu dute adibidez, eta berez, ariketa periodistikoa antzekoa da. Zergatik bat nobela eta bestea kronika? Liburuaren gaiak ba al du zerikusirik?
Erabaki editoriala da berez, baina nik uste izan dezakeela zerikusia kontatzen den gaiarekin. 'Miñan'-en kontatzen dena epikoagoa da, inpaktantea eta guretzat exotikoa. Urruntasunak ere bihurtzen du guretzat, nolabait, literario. Abenturazko liburu gisa ere irakur daiteke Miñan, askotan hemengo irakurle zurioi kosta egiten zaigulako irakurtzen ari garen hori fikzioa ez dela sinestea. Hizkuntza aldetik ere poetikoagoa da, aisago ulertzen dugu literariotzat. Bi kontu nahasten dira: batetik, literatur generoen arteko mugak oso lausoak direla, eta bestetik, zeri esaten diogun literatura. Zeri irizten diogun kronikagarri eta zeri ez; zer iruditzen zaigun hizkuntza literarioa eta zer ez. Idazten ari nintzen bitartean, halako mesfidantza maskulino bat sumatu nuen inguru literarioko hainbat gizonen partetik, esanez bezala ‘baina nolatan da denda bat kronikagarri?’. Liburuan adinean gora doazen ikasketarik gabeko (esango lukete) bi ahizpa dira narratzaileak. Hemen ez dira aparteko bizitzak kontatzen. Narratzaileak ez dira puntakoak ezertan, ez jakintsuak, ez ezagunak, ezta hiztun trebeak ere. Bi pertsona arrunten kontakizuna da. Baina herri honetan asko dira hiztun trebetrebeak ez direnak, ikasketarik ez dutenak, eta feministak izanda ere, ez direnak feminista akademikoak. Gustatzen zait Miren Agur Meabek zioena, edozein bizitza arrunt birbaloratu daitekeela literaturaren bidez.

 • Zer premisatik abiatu zara?
Ez dut fikziorik egingo, ez dut “exhibizio literariorako” margenik hartuko, hau da, ez dut esaldi luzerik ez pentsamenduaren bihurritzerik erabiliko, eta saiatuko naiz xumearen ederra harrapatzen. Garbi neukan, liburuan, narratzaileek ezin zutela hitz egin beraiek hitzez bezala, eta horregatik sortu dut hizkuntza bat narratzaileen neurrira sinesgarria dena. Ez dute analisirik egiten, ez dute teorizatzen, eta ez dute poetikotasunez hitz egiten. Saiatu naiz eguneroko bizitza, jende normalaren arteko igurtzia eta intimitate bat konpartitu ez arren komunitate bat konpartitzen duen jende horrek sortzen duen sarea dibujatzen, esplikatu gabe.

2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren orok 2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren orok atz

 

 • Liburuan ez zara agertzen eta aurkezpenetan ere ez duzu esan narratzaileak ama eta izeba dituzunik. Esan duzu, baina, ez zenukeela nahi omenaldi partikular modura irakurtzerik.
Bi gauza dira. Batetik, liburu baten atzean, beti dago idazlearen bulkada pertsonal bat: zergatik esertzen den idazle bat luzez historia jakin bat idaztera. Hor beti dago zauri bat, min bat, beldur bat edo beste edozer. Beti dago motibo pertsonal bat, baina horrek ez dauka zerikusirik obrarekin. Denok egon gara noizbait maiteminduta, baina denok ez ditugu sortu maitasun poema brillanteak. Are, maiteminduta egotea bera da askotan baldintzarik okerrena maitasun poema onak sortzeko. Beraz, gauza bat da hori, motibo pertsonala, baina nik ez nuke sekula liburu hau argitaratuko baldin uste ez banu hemen kontatzen denak balio literarioa duela. Denda baten, bizitzeko modu baten, harremantzeko modu baten eta elkarri eusteko modu baten taupada bildu nahi izan dut. Ni neu ez naiz herri jakin batekoa sentitzen, ez bada Euskal Herrikoa, baina nire ama eta izeba, askoz lotuago daude herri bati eta leku bati, eta mundutxo hori josi nahi izan dut. Dena den, Elgoibarko aurkezpenean badut bulkada hori zein izan den azaltzeko asmoa. [Aurkezpeneko bideoan ikus dezakezue].

 • Eta zer izan da ba zure min hori?
Denda dela nire azkeneko lotura jaioterriarekin eta ikusten dudala lotura hori ere aurki galduko dudala. Umetan, nire mundua denda zen, eta hori badoa. Duela pare bat urte jabetu nintzen hortaz, Pitxintxuk 40 urte bete zituenean. Argazki zaharrak biltzen hasi ziren eta nik ezin nien malkoei eutsi. Denda da nire umetako paisaia, ni eraiki nauena. Niretzat denda izan da ama, guk umetan ama ez genuelako etxean ikusten berandura arte. Eta kuriosoa izan da hau dena pandemia garaian. Lagunei ere esan diet: Zer egin dut nik ziurgabetasunez betetako garai honetan? Uterora bueltatu, dendara itzuli, amaren ondora. Dena den, liburua publikatzearen helburua ez da terapeutikoa izan. Helburua literatura egitea izan da.

 • Ufalak, Jaime Arrese, Sebastian Aizpiri eta Patxi Zabaletaren hilketak, Ikastolaren publifikazioa, bortxaketa bat, kale eta garai baten erradiografia... Elgoibarren zaila zaigu begirada urruntzea. Nola uste duzu hartuko dutela irakurleek? Zer diote protagonistek?
Elgoibarren, denda partikular bat, kale partikular bat, hilketa partikular batzuk eta ikastola partikular bat ikusiko ditu irakurleak ezinbestean, baina kontua da partikulartasun hori estrapolagarria dela beste herri batzuetara. Bistan da Elgoibarren beste modu batera irakurriko dela liburua eta aurkeztu ere hala aurkeztuko dut. Badira ia 20 urte ez naizela Elgoibarren bizi eta uste dut horrek laguntzen didala. Liburuan jasotzen dudan mundua ez da nire mundua, amarena eta izebarena baizik. Beraz, iruditzen zait liburu honek gehien ukitu dezakeen jendea ez dela nirekin harreman zuzena daukana, baina bai Izaskun eta Mari Joserekin, eta, bai, jakina, arduratzen nau haien urduritasunak eta honek haiei sor diezaiekeenak, errealak diren gauza asko mugitzen dituelako.

2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren fam

 • Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Iazko urritik aurtengo martxora, asteazkenero bildu naiz ama eta izebarekin eta ehunka galdera egin dizkiet. Prozesu osoa adostua izan da. Ez dago liburuan beraiek kontatu nahi izan ez duten ezer, baina, jakina, horrek ez du esan nahi urduri ez daudenik, ez gaudenik. Garbi daukat eragingo duela halako astindutxo bat, baina uste dut, lan literarioaz parte, hau dena jasota lagatzea badela zerbait ederra. Dena den, gauza bat: esango nuke narratzaileak Izaskun eta Mari Jose diren arren, liburua ez dela horrenbeste beraiei buruzkoa.

 • Denda. Ez du ematen ikuspuntu txarra inguruari begiratzeko.
Denda batetik jende asko pasatzen da eta dendatik gauza asko ikusten dira. Dendari batek ez dizu antropologiaz hitz egingo, ez dizu teoriarik egingo, baina esango dizu adibidez nola gastatzen duten gizonek eta nola emakumeek. Gauza kuriosoak badaude: Adibidez, emakume asko daude belarritakoekin obsesionatuta, baina erlojuekin obsesionatuta dauden bezero bakar biak gizonezkoak dira Pitxintxun. Egin daiteke irakurketaren bat hor ere. Dendaz galdetu diet, baina denda ezin da bereizi familiatik, maitasunetik, gatazkatik, garaitik... Eta zentzu horretan sentitzen dut oso eskuzabalak izan direla nirekin. Batzuetan sentitzen nuen ez zidatela hitz egiten beraien alaba banintz bezala, distantzia hartzen zutela. Luxu bat izan da ama eta izeba entzun eta ulertu ahal izatea emakume independente moduan, amatasunetik eta izebatasunetik kanpo. Horretaz ez da propio hitz egiten liburuan, baina ikusten da.

2020 09 22 uxue alberdi elgoibar barren dendaostekoak

 • ‘Orain zikinak min egiten du begira. Ezkutatu egiten da’. Normatik kanpokoa erakusteko ahalegina da zurea hasi eta buka, zikina eta garbia esaten dugun hori zalantzan jartzeko saiakera.
Bai. Narratzaileak bi emakume dira, medioetan interesgarritzat jotzen ez direnak. Historiaren dendaostean, familia baten, jende baten, garai baten dendaostean jardun naiz aztarka, eta aukeratu
behar izan dut gauzak nondik kontatu, zein berbarekin kontatu, eta zeri deitu zikina eta zeri garbia; zeri deitu literatura. Narratzaileek hizkuntzarekin duten harremana erakutsi nahi izan dut, esaterako, eta kontatu dut josten bezala egiten dutela: narrats, baina praktiko. Hemen ez dago minimalismorik, ez erudiziorik, ez dotoreziarik. Hitz txikiekin idatzitako liburua da. Galdetu diot neure buruari zergatik sentitzen naizen hain eroso Pitxintxun edo antzeko ezaugarrietako beste denda batean… eta hori da.

 • Zergatik?
Denda hauek ez dira gaur egungo kafetegi zuri eta super argiztatuen modukoak, ume jaioberri batekin ere lasai sartzekoak. Guztiz kontrakoak dira. Bete-beteak daude eta askotan ez daude txukun-txukun, ez diote Feng Shuiari jarraitzen. Pitxintxun, ikurrinak josteko, oihala lurrean zabaldu eta puzzleekin egiten dute harresia. Baina desorden horren barruan badago ordena bat, badago edertasun bat, badago bizimodu bat. Begira galdategiaz diotenari: “Alkorta enpresa zena, alemaniarrek erosi zutena, orbangabea da orain. (...). Gabia ez da sekula gelditzen, baina enpresa horrek, kanpotik begiratuta, ez du lehengoaren inolako antzik, inork ez luke galdategia denik igarriko”. Orain, ez da arroparik esegitzen kanpora eta kotxe-tailerrek pasarelak dirudite. Lehen, Sigman jotzen zuen sirenak eta langile guztiak buzoak jantzita irteten ziren kalera. Han ez zen zikinik ikusten; buzodun langileak ziren haiek. Erreparatu Bilbori. Lehen, Bilbo zikina zegoen, baina zikinak erakusten zuen zer ari zen gertatzen. Orain, ikusten dugu titaniozko etxe bat, baina inork ez daki hor barruan zer gertatzen ari den, nora mugitzen diren diruak, zer kultur politika dauden atzean. Berdin Tabakaleran. Badago zerbait dotorea zaiguna hor, baina espazio hori norentzat dago egina? Ekonomia maila batetik goragoko jendearentzat, batez ere jende gaztearentzat, jende guapoarentzat. Zer dago distiraren atzean? Liburuan erakusten den mundua beste bat da. ‘Ia, helduko diogu benetan inportantea denari?’ esaten digute. ‘Zer behar duzu, zinta hori bat eskolako jaialdirako? Lasai, moztu hau eta egingo dizut’. Gauzak perfektu egiteari baino, egiteari berari ematen zaio garrantzia. Hori dena da Pitxintxu eta ingurukodenda asko, baina idealizatu gabe. Liburuak inguruaren irakurketa kritikorako balio lezake. Idazten ari nintzela sentitu dut hemen bazeudela gako garrantzitsuak bizitza bizigarrirako: kezka soziala, jendearen arteko igurtzia, garaiari lotuta bizitzea, jakitea iritzia ematen, baina aldi berean izatea beti dendako atea zabalik eta ezberdinekin harremantzen jakitea...

2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren alb1

 • Badira azpimarratzeko esaldiak horri lotuta. Bat: ‘Dendaria zarenean ezin zara jendearengandik sobera aldendu’.
Bai, etxean eta on-line lan egiten duenarentzat errazagoa da bando batera lerratzea. Egunero jende askorekin baldin bazaude, konplikatuagoa da egunerokoa, baina era berean, humanoagoa da. Orduan konturatzen zara ertzez, jendearen gabeziez, beharrez... Gaur traba egiten digun horrek egiten gaitu gizaki. Izaskuni eta Mari Joseri entzunez konturatu naiz zenbat jende dagoen bere beharrizan sozial eta emozionalak, egunero, herriko denda, elkarte eta tabernetan betetzen dituena. Hemen, normaren barruan sartzen bazara eta urte produktiboen barruan baldin bazaude, ondo, baina bestela gizarteak bota egiten zaitu. Esaten dutenean dendak logika familiarretik herri logikara pasatu zirela hortaz ere ari dira. Lehen, gizartea familiaka zegoen antolatuta. Familia bakoitza ekonomia-unitate bat zen, baina halako batean hasi ziren merkataritza elkarteak sortzen, hasi ziren herri aldizkariak loratzen, gaztetxeak zabaltzen... Kontua da, orain, logika hori apaltzen-apaltzen ari zaigula eta zaputz halako bat badugula, ez dakigulako zeintzuk diren edo ez zaizkigulako atsegin sortzen ari garen logika berriak. Aldaketa garaian gaude, eta arriskuak ikusten ditugu, baina nik nahi nituzke ikusi aukerak ere.

2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren sinatzen 2020 09 23 uxue alberdi dendaostekoak aurk aitagirre barren sinatzen1