Herriko Antzokiak 190 ikuslerentzako aforoa izango du

Barren.eus 2020ko ira. 24a, 11:36

Elgoibarko Udalak bizi dugun osasun krisira egokitu du Herriko Antzokiko 2020-2021 programazioa. Hartutako neurrien artean, 400 lagunentzako aforoa izatetik, 190 pertsonara murriztu dute antzokiaren edukiera. Era berrean, Kultura Sailetik jakinarazi dute salgai daudela urriaren 23an emango duten Zaldi Urdina antzerkia ikusteko sarrerak.

Ikusleak “damero” forman esertzeko prestatu dituzte antzokiko eserlekuak, “zig zag”-ean, segurtasun distantziak mantentzeko. 

Iñaki Agirre Zinemaldiko emanaldiekin zabaldu zuten irailaren 17an Herriko Antzokia, eta pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren hainbat emanaldi ikusteko aukera izango da datozen hilabeteetan, ikuskizun berriekin batera.

Esaterako, dagoeneko salgai daude urriaren 23an emango duten “Zaldi Urdina” ikuskizun eszenikorako sarrerak [BARREN aldizkariaren 1152. zenbakian irakur dezakezue Zaldi Urdina antzerkiaren zuzendari Ximun Fuchs-i eginiko elkarrizketa]. Ohi bezala, Kutxabank bitartez edo leihatilan (ohiko egun eta orduetan, larunbatero 19:15 - 21:45) bertan eskuratu daitezke. Saldu gabe geratutako sarrerak, leihatilan salduko dira egunean bertan. Gogoratu beharra dago, bederatzi pertsonek ez zutela beraien sarreragatik dirua berreskuratu, sarreren diru itzulpena egin zenean. Pertsona horiek, leihatilara hurbildu beharko dira eta dirua edota ikuskizunerako sarrera berri bat jasotzera. Ezinbestekoa izango da leihatilatik pasatzea sarrera zaharra berriagatik aldatzeko.
Azaroan eta abenduan ere ez dira ikuskizun eszenikoak faltako. Antzerkia gazteei hurbiltzeko ahalegin berezia egin dutela adierazi du, eta pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren Artedramaren “Zaldi Urdina” (urriak 23) eta Txaloren “Moko zorrotza” (azaroak 13) ikuskizunak emango dituzte, baita Yllanaren “Chefs” (abenduak 11) izeneko ikuskizuna ere.
Txikienek ere lehenengo mailako ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute datozen hilabeteotan. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: Eidaberen “Mari eta Gaileta fabrika” (urriak 25), Gorakadaren “Pinocchio” (azaroak 15) eta Glu Glu-ren “Botadun katua”(abenduak 13).
Halaber, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen Elgoibarko XIX Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa egingo da urriaren 24an, eta Elgoibarko Izarrak antolatutako Bertso Jaialdia, abenduaren 29an egingo dute.

2020 09 14 herriko antzokia elgoibar barrua eserlekuak

∞Lotura duten albisteak: