'La Camarista' filmarekin hasiko da gaur Iñaki Agirre Zinemaldia

Barren.eus 2020ko ira. 17a, 13:16

Iñaki Agirre zinemaldia gaur gauean hasiko da Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez urtero legez. Bihar, Zinemaldiaren 68. Edizioari Donostian filmaturiko Woody Allen-en “Rifkin’s Festival” pelikulak emango dio hasiera. Elgoibarren, aldiz, iaz zinemaldian “Zuzendari berriak” sailean lehiaturiko “La Camarista” filmak emango dio hasiera. barren.eus-eko komunitatera batu den 'Butaka Gorria' blogean daukazue filma honi eta zinemaldiari buruzko informazio osoagoa.

Leide Urkidi kazetari eta zinemazale elgoibartarrak elikatuko du 'Butaka Gorri'a, barren.eus atariko zinezaleen txokoa. Iñaki Agirre zinemaldian emango dituzten filmei buruzko xehetasunak izango ditu hizpide datozen egunetan. Hasteko, barren.eus-eko Komunitateko honako sarreran irakur dezakezue Mexikok Oscar sarietara izendatutako 'La Camarista' filmari buruz jakin beharrekoak.

Gaur eta bihar izango da ikusgai, 21:30etan, Elgoibarko Herriko Antzokian.

 • 'La Camarista': Sinopsia
Eve, gela-zerbitzari gazteak, Mexiko Hiriko luxu handiko hotel batean lan egiten du. Bertan, dirudunek hartzen dute ostatu, eta hain dira aberatsak, Evek atzean uzten dituzten ondasunei buruzko fantasia intimoen bidez soilik irudika dezakeela haien bizitza. Txanda luze eta nekezak tarteko, Evek ezin du bere haurra zaindu; aldiz, hoteleko ostatu-hartzaileei euren seme-alabekin lagundu behar die. Dena dela, ziur da bere egoerak hobera egingo duela mailaz igo eta exekutiboen suiteetan lan egitera bidaltzen badute, eta horregatik onartzen ditu lan-ordu nekagarriak. Helburu hori lortu nahian, hoteleko helduentzako hezkuntza-programan izena emango du.

∞Lotura duten albisteak: