Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2020 09 14 herriko antzokia elgoibar barrua eserlekuakHainbat hilabetean itxita egon eta gero, irailaren 17an irekiko dute herritarrentzat Elgoibarko Herriko Antzokia. Udalak ekintzaz beteriko programazioa antolatu du kultur jardueren itzulerarako. Hamabost ekitaldi baino gehiago izango dira abendura arte.

Covid-19k eragindako pandemiaren ondorioz itxi ondoren, Elgoibarko Herriko Antzokiak berriro ekingo dio jarduerari irailean. Herritarren eta Herriko Antzokiko beharginen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituztela jakitera eman dute udal arduradunek. Antzokiaren edukiera mugatu dute eta lehen ia 400 lagunentzako aforoa bazuen, 100 lagun sartu ahal izango dira orain, gehienez ere. Erabili ezin daitezkeen eserleku lerroak edo banakako eserlekuak zein diren argi gera dadin zintak eta txarteltxoak erabiliko dituzte.

 • Zenbait berrikuntza
Herriko Antzokira itzultzen diren herritarrek zenbait berrikuntza ere atzemango dituzte. Batetik, moketa berria jarri dute lurrean. Bestetik, eta irisgarritasuna hobetze aldera, begizta magnetikoa jarri dute audiofonoa erabiltzen duten pertsonentzat.
 • Urte amaierara arteko egitaraua
Herritarren aisialdia sustatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak ekintzaz beteriko programazioa antolatu du hurrengo hilabeteetarako. Egitaraua Iñaki Agirre Zinemaldiaren bigarren edizioarekin hasiko da irailaren 17an. Gauzak horrela, Elgoibarko Udalak eta Ongarri Zine Klubak zine klubaren alma materra izan zena omenduko dute. Udaletik nabarmendu dutenez, esfortzu berezia egin dute antzerkia gazteei hurbiltzeko eta pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren “Zaldi Urdina” eta “Moko zorrotza” ikuskizunak berprogramatu dituzte, baita “Chefs” izenekoa ere. Halaber, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zen XIX. Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa ere egingo da, urriaren 24an, hain zuzebn ere. Elgoibarko Izarrak antolatzen duen Bertso Jaialdiak ere badu eguna: abenduak 29. Eta , Elgoibarko Udal Musika Bandaren hilabeteko kontzertuak ere bueltatuko dira Herriko Antzokira, proiektatutako dokumentalak eta Mendi Tour 2020 (azaroak 20) itzuliko diren moduan. Abendura bitartean hamabost kultur jarduera antolatu dituzte guztira. Hona nabarmenenak:

  • 'Zaldi Urdina' (urriak 23): Aingeru 17 urteko mutikoak ihes egingo du, jai giroan beste gazte bat droga hartuta hil denean, susmagarria delakoan. Haren atzetik eta azken urteotan drogak Euskal Herrian utzi duen arrastoaren xerka, pertsonaiek bidaia bat abiatuko dute ikuslearen gozagarri eta hausnarketarako gai.
  • 'Moko Zorrotza' (azaroak 13): Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak parte hartzen dute. Juanek estudio bat du etxeko ganbaran, izarrei begira. Laura ikastolako aspaldiko laguna bizitan azaldu zaio Vega Sicilia ardo botila dotorearekin. Gaztetako kontuez eta liatuta egon zireneko haietaz hitz egin ostean, Guzmanekin ezkontzera doala esan dio, biek Institutuko kide izan zuten mutilarekin. Berriketan ari diren bitartean, Laurak Juani, benetan bera dela maitatzen duena erakusten dio eta bientzat ametsetako etorkizuna antolatzea erabaki dute: Guzman ezkongai utzi eta beraiek biak ezkontzea. Horretan ari direla, bat-batean ateko txirrinak jo du eta. Ezer ez da dirudiena!
  • Yllanaren 'Chefs' (abenduak 11): Gastronomiaren mundu liluragarriari buruzko saioa da. Inspirazioa galdu duen ospe handiko sukaldari bat du ardatz istorioak. Sukaldari-talde burugabe batean konfiantza izan behar du, errezeta ikusgarri eta berria sortzeko eta, hartara, jatetxeko izarrei eusteko. Aldi berean, sukaldaritzaren munduko hainbat alderditan zehar ibiliko gara, hala nola jaten ditugun elikagaiekin, elikatzen gaituzten animaliekin, munduko sukalde eta zaporeekin dugun harremana. Egoak, “sukaldari izar” hauen arteko lehia eta Yllanaren umorearen lapikoan gustu handiz erortzen den guztia ikusiko ditugu.
  • Txikienek ere lehenengo mailako ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute hilabete hauetan zehar. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: “Mari eta Gaileta fabrika”, Gorakadaren “Pinocchio” eta Glu Glu-ren “Botadun katua”. 

 • Bonoak
Elgoibarko Udalak erabiltzaileei hainbat bonu eskainiko dizkie:

  • Zine Bonua: lau saiotara doazen erabiltzaileek bosgarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.
  • Ikuskizun eszenikoen bonua: bi saiotara doazen erabiltzaileek hirugarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.
  • Ikuskizun eszenikoetara joaten diren adingabeen laguntzaileentzako bonua: adingaberen bati laguntzera, haurrentzako ikuskizun eszenikoetara, lau aldiz doazen erabiltzaileek, doan sartuko dira laguntzaile gisa doazen bosgarren aldian. 13 urtetik gorakoentzat da.

Bonu hauetaz gain, bi bonu berezi daude Gazte Txartela duten gazteentzat.
Sarrerak Kutxabanken edota leihatilan bertan (larunbatero 19:15 - 21:45) erosi ahal izango dira. Aipatzekoa da ere, saldu gabe geratzen diren sarrerak, egun berean leihatilan egongo direla salgai.

2020 09 14 herriko antzokia elgoibar barrua eserlekuak 1

Argazki Lehiaketa 2021

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza