Mendaroko umeei ikasturte hasiera samurtu aldera antolatu zuen Udalak bost urtetik gorako neska-mutilentzako ikuskizuna, ikasturtea hasi bezperan. Pilotalekuan batu ziren umeek markatuta zeuden lekuetan eserita jarraitu zuten ikuskizuna, elkarren arteko distantzia mantenduz. Azken hilabeteetan kultura pantailen bitartez kontsumitzera ohitu dira, edo lehenagotik zuten ohitura areagotu dute, halabearrez, baina oraingoan zuzeneko emanaldiek daukaten xarma bereziaz gozatzeko aukera izan zuten.