Joseba Irazoki eta Anari beren taldeekin izango dira Kultur Etxeko Sotoan

Barren.eus 2015ko ira. 17a, 06:10

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak irekiko du, gaur gauean, Sotoko Hotsak egitasmoa. 22:00etatik aurrera eskainiko dute kontzertua Kultur Etxeko sotoan. Bihar, berriz, Anarik emango du kontzertua sotoan, baina musikari azkoitiarra ere ez da bakarrik etorriko, banda eta guzti baizik. (bideoa dauka)

Urte asko dira Sinuose Elgoibarko kolektiboak musikaren harira artistak ekarri, ekintzak antolatu eta proposamen bereziak antolatzen dituela. Hilean behin kontzertu berezi bat antolatzeaz gain, urtean behin Sotoko Hotsak izeneko ekitaldia egiten dute. 2007an jarri zuten abian eta aurtengoa gaur (irailak 17) eta bihar (irailak 18) izango da. Bi musikarik kontzertuak eskainiko dituzte nork bere taldekoekin eta azken diskoak aurkezteko baliatuko dute emanaldia. Joseba Irazoki eta lagunak eta Anari banda entzun ahal izango dira Kultur Etxeko Sotoan.

Joseba Irazokik sarri beste musikari batzuentzat lan egin izan du, gizon-orkestra moduan ere bakarka aritu da eta oraingoan bandarekin dator. Orain dela bi urte kolaboratzaileekin egindako kontzertu batekin hasi zuen ekimena eta diskoa aurkeztuko du Elgoibarren. Gainerako musikariak horren ezagunak ez izan arren, banda sendoa osatzea izan da bere helburua eta taldearekin sotoko gertuko giroan kantu berriak eta birmoldatuak ere aurkeztuko dituela aurreratu du. (ikus BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa - PDF). 22:00etan hasiko da kontzertua. Sarrerak hiru euroan salduko dituzte.

Gaur gauean Sotoan ikusi eta entzungo denaren aurrerapen modura, hona hemen, Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak urte hasieran Bilboko Kafe Antzokian eskaini zuen kontzertuko jo zuen abesti bat, Jim O´Rourkeren Women of the world abestiaren bertsioa, hain zuzen ere:

• Anariren eta bere banda, barixaku gauean

‘Nire aurrekari penalak’ da Anari Alberdiren azken lana, eta aurkezpen lanetan ari den honetan, Kultur Etxeko Sotoan ere egingo du geldialdia bihar. Aurrez bakarrik etorri bazen ere, oraingoan bere banda ekarriko du lagun. Disko bakoitza prestatzeko buelta asko ematen ditu, eta eman beharreko buelta denak emanda dator Elgoibarrera (ikus BARREN aldizkariari eskaini zion elkarrizketa). Abesti berriak ekarriko ditu. 23:00etan hasiko da kontzertua.

2015 09 17 anari band

2015 07 23 sotokohotsak irazoki kartela