Eduardo Arrillagaren 'Photo Kalean' erakusketari eraso diote

Barren.eus 2020ko abu. 31a, 14:42

'Photo Kalean' erakusketako sei argazki bere lekutik atera zituzten ezezagunek domeka goizaldean, eta Deba ibaian bukatu zuten horietako bik. Argazkien egile Eduardo Arrillaga berak berreskuratu ditu argazkiak ibaitik.

Joan den abuztuaren 23tik daude ikusgai 'Photo Kalean' erakusketako argazkiak herriko kaleetan. Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak sokamuturrari (1992-2003) eta Txiki egunari buruz azken hamarkadetan egin duen lanaren zati bat biltzen duen argazki erakusketa da, formatu handiko 30 argazkiz osatua. Argazki horietako seiri eraso egin zieten joan den domeka goizaldean. Bere lekutik atera ondoren, inguruan botata laga zituzten lau eta bi argazki, Txankakoa zubiaren ondoan zegoena eta King-Kong ondokoa, ibaira jaurti zituzten. Arrillagak jakinarazi duenez, dagoeneko berreskuratu dituzte argazkiak, eta bere lekura itzuli ere bai horietako hiru. Gainerako hirurak bihar jarriko dituzte bere lekuan, irailaren 7ra arte luzatuko baita erakusketa. Argazkilariak berak berreskuratu ditu ibaira bota zituzten argazkiak. Bat, hain justu ere, bigantxa ibaira erori eta gertakari haren argazkia uretatik atera zuenekoa da. 

"Bandalismo ekintza" izan dela uste du Arrillagak. Alabaina, berak uste baino kalte txikiagoak izan dituzte irudiek. "Ibaitik jaso ditudan argazkiek zertxobait gehiago, baina gainerakoek apenas izan duten kalterik. Alegia, lan handia hartu dute argazkiak bere lekutik ateratzen, tinko lotuta baitzeuden, tajuz, eta gutxienez ordubete beharko zuten bere euskarritik askatzeko, eta hala eta guztiz ez dituzte argazkiak apurtu. Ez dut uste ezer aldarrikatzeko ekintza bat izan denik, umekeria bat baizik. Ez dakit zer arrazoik bultzatuta egin duten halakorik, baina barkatuta daude neregatik. Hori bai, gustatuko litzaidake konturatuko balira zenbat lan egin dugun erakusketa hau antolatzen eta zenbat kosta zaigun argazki bakoitza bere lekuan txukun txukun ipintzen. Jakin dezatela berriro bere lekutik kentzen badituzte ere bere lekura bueltatuko ditugula, hamaika aldiz ibaian sartu behar badugu ere bai, eta suntsitzen badituzte ere berriro inprimatu eta herritar guztiek ikusteko moduan jarriko ditugula. Ez dugu amore emango. Ez da onargarria kulturaren eta artearen aurka egitea", azaldu du.

Zein izan den jakiteko Udaletxean dauden kamerek grabatutakoa aztertzen ari direla gaineratu du Arrillagak.
Orban handi hau kenduta, Udalak antolatu duen erakusketa arrakasta handiko erakusketa izaten ari dela nabarmendu du argazkien egileak. "Lagun askok zoriondu naute eta askok gelditu naute kalean gustatu zaiela esateko".

∞Lotura duten albisteak:

2020 08 31 edu arrillaga ibaian argzakiagaz

2020 09 01 eduardo arrillaga argazkia altzoa ganberrada

2020 08 31 eduardo arrillaga erakusketa ibaitikateratzen sokamuturra 3

2020 08 23 photo kalean eduardo arrillaga kingkong

2020 08 23 photo kalean eduardo arrillaga errosario

 *Argazkiak: Toni Galindo eta BARREN