Beste 6.000 urtean ikusiko ez dugun Neowise kometaren argazkia egin du Vicente Guineak

Barren.eus 2020ko uzt. 21a, 14:13

Vicente Guinea argazkilari elgoibartarrak bere kamerarekin harrapatu zuen Neowise kometa. Udako fenomeno astronomikoa dela diote adituek. Eta ez da gutxiagorako, ez baita errepikatuko 6.000 urte igaro arte.

 

Teleskopiorik gabe ere ikus daiteke Neowise kometa. Ipar-ekialdera begiratu eta Hartz Handiaren konstelazioa topatu behar da lehendabizi, eta Leo konstelazioa gero, bien artean ikus daiteke-eta Neowise kometa. Astronomia gaietan hasiberriak, edo adituak ez direnek mugikorren bitartez bereiz ditzakete konstelazioak zeruan, doako app asko baitaude konstelazioak topatzeko.

 • Uztailaren 22a egunik egokiena
Neowise kometa joan den uztailaren 7tik ikus daiteke zeruan, hasieran egunsentian eta uztailaren 16az geroztik ilunabarrez ere bai, eguzkia ezkutatu eta ordubetera, zehazki. Fenomeno astronomiko hau uztailaren 31 arte ikusi ahalko da, eta ez da 6.000 urte igaro arte errepikatuko. Kometa ez da mugimenduan ikusten, baina egunero mugitzen doa. Uztailaren 22a izango da kometa hau ikusteko egunik egokiena, gertuen pasako den eguna, hain zuzen. (iturria: Ane Urrutikoetxea / Gaztezulo)

 • Time lapsean eta esposizio luzean
Vicente Guinea argazkiari elgoibartarrak joan den asteburuan atera zion argazkia kometa honi. Arratera joateko bide zaharraren ertzean dagoen Santa Kurutz ermitaren ondotik atera zuen, argi kutsadura gutxi dagoen lekua izatea komeni dela-eta. Canon EOS 6D Mark argazki kamerarekin atera zuen argazkiak honako datu teknikoak ditu: EF50mm -- ƒ/3.5 - 15" Iso-2000.
Guineak azaldu duenez, tripodea erabilita atera zuen argazkia, esposizio luzeko argazkiak baitira, 15 eta 30 segundu artekoak. "120 bat fotograma atera nituen, iparraldera begira, ordu eta erdiko time lapsean. Era honetan, Neowise kometaz gainera, zenbait perseida ere harrapatu nituen argazkietan, orain hasten baitira ikusten horiek ere".
Pertseida izena Perseus izar-multzotik dator, izan iheskorrek Perseusen puntu edo erraditzailetik datozela diruditelako. Urtero, garai honetan, Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du. Kometa hori 133 urtero kokatzen da Eguzkitik hurbil, eta bertatik gertu igaro zen azken aldia 1992an izan zen. Lurra eta kometaren arteko topaketan, kometak uzten dituen tamaina desberdineko hauts partikulak (batzuk harea-pikor bat baino txikiagoak dira), lurrazaleko atmosferan sartzen dira abiadura handiarekin, izar herratuak sortuz. Ikusteko, ezinbestekoa da argirik gabeko gune bat topatzea, adibidez, mendian. Gau osoan zehar ikusi daitezke.

2020 07 21 neowise kometa vicente guinea