Elgoibarren jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saio bat

Barren.eus 2015ko ira. 15a, 17:18

Domekan, irailaren 20an, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Beasaingo Usurbe antzokian. Hiru hilabetez 15 saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: sei final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala, abenduren 20an, Donostian. Final zortzirenetako saio bat Elgoibarren jokatuko da urriaren 3an. 

Udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan, 74 bertsolarirekin. Sailkapen fasetik 30 bertsolarik lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. 30 horiei, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten beste 13 bertsolari gehitu zaizkie; osotara, 43 bertsolarik hasiko dute txapelketa. Horietako sei ikusi eta entzun ahal izango ditugu urriaren 3an Elgoibarren jokatuko den final zortzirenetako saioan. Hona hemen Herriko Antzokian kantuan arituko diren sei bertsolariak: Manu Goiogana Bengoetxea, Unai Muñoa Amundarain, Oihana Iguaran Barandiaran, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Iban Urdangarin Lardizabal eta Manex Mujika Amunarriz. 17:30ean hasiko da Elgoibarko bertso saioa. 

•Sarrerak eta jarraipena

Dagoeneko saioetarako sarrerak salgai daude, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, finala izan ezik saio guztietarako balio duen bonua ere salgai dago internetez.

www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak eta ETBko Hitzetik Hortzera telebista-saioak horren gaineko jarraipen berezia egingo dute.

Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari: @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Facebookean. Twitterren #GBT15 traola erabiliko da.