Slavoj Žižek filosofoak COVID-19aren krisian idatzitako 'IZUrriA!' itzuli du Danele Sarriugartek

Barren.eus 2020ko uzt. 14a, 11:28

Slavoj Žižek filosofo esloveniarraren Pan(dem)ic! saiakera laburra itzuli du euskarara Danele Sarriugartek. COVID-19aren pandemiaren eraginez larrialdi sasoiak bizi ditugu eta ziurgabetasun giroa da nagusi, eta asko dira beren irakurketa plazaratu duten aditu eta arituak, nor bere alorretik, eta horietako bat da Zizeken lan hau.

"Larrialdi egoeratan ohi denez, ziurgabetasuna nagusitu da eta galderak biderkatu zaizkigu; argitaldarion arduretako bat aldaketak ulertzeko tresnak ematea dela sinetsita, erantzunak bilatzen saiatu gara, edo, erantzunik ez denean, galdera egokiak planteatzen", azaldu dute Txalaparta argitaletxeko arduradunek euren katalogora batu duten 'IZUrriA!' saiakera laburraz. "Munduan aurrekaririk gabeko pandemia bat zabaltzen delarik, nor aproposagoa Slavoj Žižek esloveniar filosofo zirikatzailea baino izurriaren atzeko esanahiak bistaratzeko, horren paradoxa xelebreekin lilurarazteko eta ondorioen sakontasunari buruz espekulatzeko?". Žižeken ustetan, komunismo molde berri bat izan liteke bide bakarra mundua barbarismoan erortzea saihesteko. "Ohikoa duen kemenaz eta herri-kulturaren analogiak baliatuz; orriotan, Quentin Tarantino eta Kamila Shamsie alboz albo ari dira Hegel eta Marxekin, Žižekek krisiaren argazki kitzikatzaile eta zorrotza ematen du, bai eta -pesimismoaren birusa zabaltzen ari den honetan- irakurketa itxaropentsu bat ere".

Danele Sarriugarte Mochalesek (Elgoibar, 1989) itzuli du euskarara Žižek-ek COVID-19aren krisian idatzitako 'IZUrriA!', eta itzultzaileak berak ere konfinamenduan itzuli zuen lana. Hamar atal, hiru testuz osatutako eranskin bat eta Imanol Galfarsororen hitzostea dakartza liburuak. Informazio osoagoa: berria.eus