'Sustraiak' laburmetraian jaso dute Makina Erremintaren Museoaren zerizana

Barren.eus 2020ko uzt. 12a, 10:30

Makina Erremintaren Museoak barikuan, uztailaren 10ean, estreinatu zuen 'Sustraiak' izeneko laburmetraia.

"Elgoibar herri industriala izan da, eta oraindik ere bada, eta bere jarduera nagusia makina-erremintaren fabrikazioa da. Film labur honetan herri honen historia aldatzen duen lan egiteko modu baten esentzia eta tradizioa erakusten ditugu", azaldu dute Makina Erremintaren Museoko arduradunek estreinatu berri duten ikusentzunezko lanaz. Aitortza egin diete Elgoibarko historiari forma eman dioten beharginei, besteak beste, grabatzaileak, errementariak, errasketatzaileak edo makinistak.

Jairo Berbelen eta Uxue Alberdiren testuekin osatutako laburmetraiak irudi ederrak eta poesia kutsuko testuak uztartzen ditu. Hona amaierako berbak, esaterako: "Ez ditzagun gure aurrekoak ahanzturaren zakura bidali. Gorde dezagun gurea dena. Gaur bada makina erremintaren hatsa senti daitekeen leku bat. Guztiaren hasiera sentitzen da, engranajeek eta erretratuek, haien hortzek eta ertzek badakite berbaz. Museo bizia da, ez dira hau bezalako asko, 200 urteko makinak martxan ari dira, dena mugitzen da etengabe, iragana uki daiteke, makina erremintaren pultsu erritmikoa zabaltzen da gorputzean, erdi erditik irekitzen da, sekula ahaztu behar ez genukeen liburu bat bezala. Argia eta zehatza da nire nahia, ez ditzagun laga amatatzen, egin gaitezen gure denboraren jabe, eta hemen, mendion azpian, eman diezaiogun arnasa makina erramintari, geure sustraiez ari baikara". Hona 'Sustraiak' laburmetraia