“Gizarte patriarkalak ezarritako estereotipoak apurtzen saiatzen naiz nire ipuinekin”

Barren.eus 2020ko uzt. 10a, 10:27

Bizitza erdia darama Eulali Morenok (Elgoibar, 1978) Elgoibartik kanpora. 19 bat urte zituela utzi zuen sorterria, eta ordutik munduan barrena ibili da, esperientziak bizitzen. Asko bidaiatu du, eta bidaia horietan “bizitza zer den” ikasi du. Azken urteotan Balmasedan bizi da. Irakaslea da ofizioz, eta ipuin kontalaria, afizioz. Zorrozako ikastetxe batean ematen ditu eskolak ijitoen gela batean, eta asteburuetan Erdi Aroko azoketan ibiltzen da umeei ipuinak kontatzen.


Koronabirusak bete-betean eragin dio, eta aurtengo uda desberdina izango da beretzat, Erdi Aroko azokak egiteko aukerarik ez dagoelako. Otsailean egon zen Elgoibarren, ‘Amalurra’ ipuin kontalari gisa, amets egiteko ipuinak kontatzen, eta emanaldiaren ostean hitz egin genuen berarekin.

 • Zer moduz zaude? Nola eragin du koronabirusak Erdi Aroko azoketan?
Oso gogorra izan da. Hiru hilabetetan 30 saiotik gora galdu ditut, eta udan ere ezingo dut lanik egin, azokak egitea ez dutelako baimenduko. Umeak eskolan hasi eta egoera apur bat normalizatu arte ez dut uste lanean hasiko garenik, eta horretaz bizi diren merkatariak lur jota daude. Ez daukate dirulaguntzarik eta egoera zaila bizitzen ari dira. Ni irakaslea ere banaiz, eta nire egoera desberdina da, baina beste batzuk oso gaizki ari dira pasatzen. Ez zait justua iruditzen egoera: terrazetan biltzeko baimena dago, kalean ere jendea normaltasun osoz ikusten da, baina guri ez digute ematen azokak egiteko baimena. Osasunez behintzat ondo gaude, baina bestela gure egoera oso tristea da une honetan.

 • Ipuin kontalari aritzen zara herriz herri Erdi Aroko azoketan, eta estreinakoz Elgoibarren izan zara zure jardunean. Zer sentitu duzu zure jaioterriko publikoaren aurrean?
Oso pozik nago nire gurasoak lehen aldiz etorri direlako ni ikustera. Lau urte daramatzat ipuin kontalari moduan, eta gaur arte sekula ez dira etorri gurasoak ni ikustera. Ilusio handia egin dit. Uste dut jabetu direla hau ere lanbide bat dela, eta lanbide oso aberasgarria gainera. Umeei mezu bat transmitzen zaie, bizitzan zerbait izatera iristen laguntzeko. Nire saioek helburu bat dute: euskaraz mintzatzea, aske bizitzea eta norberak bere pentsamenduak libre azaleratzea. Mezu hori transmititzea da niretzako garrantzitsuena: aske bizi eta aske sentitzea. Gurasoez gain, lagun pila batekin egin dut topo, jendea nirekin gogoratzen dela konturatu naiz eta oso-oso polita izan da. Nire lana dela eta ez naiz asko egoten Elgoibarko lagunekin, eta haiek ikusteak poz handia eman dit.

2020 07 10 eulali moreno ipuin kontalaria elk barren aitagirre gaztelua

2020 07 10 eulali moreno ipuin kontalaria elk barren aitagirre

 • Nola hasi zinen ipuin kontalari?
Ni berez irakaslea naiz, baina gaur egun ipuinkontalari izatea afizio bat baino gehiago da niretzat, eta esan dezaket une honetan bi lanbide ditudala. Astean zehar irakaslea naiz, eta martxotik abendura arteko ia asteburu guztietan ipuin kontalari lanetan aritzen naiz Erdi Aroko azoketan. Euskal Herriko herri askotan ibiltzen naiz, eta Espainian zehar ere aritzen naiz boloak egiten. Iaz Melillan, Murtzian, Leonen, Palentzian eta beste hainbat probintziatan ibili nintzen. Ia astebururo jende berberarekin bidaiatzen dut, eta azkenean familia handi bat gara. Asko maite dugu elkar eta giro bikaina daukagu gure artean. Nik pila bat gozatzen dut kontu honekin. Orain liburutegi batzuetatik hasi zaizkit deitzen, eta seguruenik hasiko naiz liburutegietan ere saioak eskaintzen.

 • Espainian zehar ipuinak gaztelaniaz kontatzen dituzu?
Bai, baina beti eramaten dut euskarazko materiala, eta zenbait saiotan Baga biga higa abestia ere kantatzen dut. Orain dela bi urte Murtzian nengoela ipuin kontalari saioa hasteko, gizonezko bat gerturatu zen euskal mitologiari buruzko ipuinak begiratzera, eta hara nor, eta Alfonso Guillo elgoibartarra! Ilusio handia egin zidan. Euskaldunak asko bidaiatzen dugu, eta euskaldun askorekin egiten dut topo Espainian zehar nabilenean. Batzuk gero etortzen dira Euskal Herriko saioetara ni ikustera.

 • Ipuinak kontatzeko teknika ikasi egin behar da. Zuk nola ikasi duzu ipuinak kontatzen?
Bakarrik ikasi dut, autodidakta izan naiz horretan. Hegoameriketan bizitzen egon nintzenean malabareak egiten genituen kalean, baina ni hain txarra nintzen horretan, beste zerbait ikasi behar izan nuela. Beste behin, azoka batean antzerki moduko bat egiten hasi nintzen inprobisatuta, eta antolatzaileak esan zidan ipuin batzuk prestatzen banituen umeentzako, kontratatu egingo ninduela. Eta horrela hasi nintzen.

 • Erdi Aroko azoketan kalean kontatzen dituzu ipuinak, baina Elgoibarko saioa kultur kafean izan da. Ba al dago desberdintasunik kalean edo gune itxietan ipuinak kontatzean?
Bai, ez dauka zerikusirik. Kalean askoz gehiago kostatzen da umeen atentzioa eskuratzea, jende gehiago ibiltzen delako kalean kalean, autoak egoten direlako, zaratak... Nik beti ematen diet aukera umeei gustura ez badaude alde egiteko. Kaleko saioetan saiatzen naiz gurasoak ere inplikatzen ipuinetan. Zaila da, eta asko telefonoari begira egoten dira, baina bueno, saiatzen naiz nagusien arreta ere nireganatzen, eta inplikatzen direnean oso polita izaten da.

 • Zein ezaugarri dituzte zure ipuinek?
Estereotipoak apurtzea gustatzen zait ipuinekin. Talde feminista bateko kide naiz, eta gizarte patriarkatuak ezartzen dizkigun estereotipoak apurtzen saiatzen naiz nire kontakizunekin. Lan handia daukagu alor horretan gizartean, eta hezkuntzak asko egin dezake. Umeekin lanketa hau egitea oso interesgarria da, eta ipuinen bidez gauza pila bat ikasten dira. Guk geuk ere gure aiton-amonek kontatzen zizkiguten ipuinen bidez jaso genituen jakintza pila bat, ipuinen eta istorioen bitartez jaso dugu kultura eta Euskal Herriko historiaren berri ere ipuinek eman digute. Neskak arrosaz janztearen eta printzesa izatearen kontu hori apurtzen hasten dut ipuina. Denok berdinak garela aldarrikatu nahi dut, emakumeak ere ausartak garela eta gure ametsak lortu ditzakegula. Amets eta hegan egiteko ipuinak kontatzen ditut. Nire ustez, ametsen bidez dena lortzen da, eta ez badago ametsik, ez dago ezer ere.

 • Eta, zein da zure ametsa?
Munduari buelta ematea. Herrialde guztiak ezagutzea eta beraien kultura jasotzea.

 • Kontatzen dituzun ipuinak zuk sortzen dituzu?
Kolore arrosa gorroto duen neska ausartaren ipuina nirea da, bai, neuk sortutakoa. Bigarrena Tartaloren ipuina da, betikoa, baina amaiera aldatu diot. Oso krudela iruditzen zait Tartalo errekan itota hiltzea, eta nik Euskal Herriaren zaindari bilakatzen dut. Haragijale izateari uzten dio, eta ondorioz, ez du gehiago umerik jango. Belarra jango du, eta gure natura zaintzearen mezua zabaltzen dut ideia horrekin. Protagonistak ere bi mutil izan beharrean, neska bat eta mutil bat dira nire bertsioan. Markeliñe sartzen dut, ideiak eta iniziatiba handia dituen neska ausarta.

 • Irakasle izatea lagungarri zaizu ipuin kontalari lanerako?
Bai, balio dit. Zorrotzako Institutuan egiten dut lan, ijitoekin. Pedagogia Terapeutikoa ikasi nuen, eta iaz proiektu bat aurkeztu nuen Hezkuntzako Hamaika Esku programarako, eta irabazi egin
nuen. Pedagogia aktiboa daukagu oinarri, eta ikasleak dira protagonista. Beraiek bihurtzen ditut askotan ipuin kontalari, eta batzuetan beste ikastetxe batzuetara joaten gara ipuinak kontatzera. Oso gustura nago beraiekin. Ez da erraza ijitoekin lan egitea, baina nik lortu dut beraiekin konektatzea eta asko maite naute. Argi eduki behar da ijitoekin lan egiterakoan zer irakatsi ahal zaien. Bizitzarako oinarrizko baloreak erakutsi behar zaizkie matematikak baino lehen. Harreman oso ona daukat eurekin. Nire ikasle bat ama izan da eta umearen amabitxi izendatu naute. Gustatuko litzaidake datorren ikasturtean ijitoekin feminismoa lantzea. Beraien kultura oso patriarkala da, eta uste dut ondo etorriko zaiela.

 • Zein onura eragiten die umeei ipuinak kontatzeak?
Pila bat onura sortzen dituzte ipuinek. Gaur egungo bizitzan prisa da nagusi familietan, beti korrika gabiltza eta ia ez daukagu umeekin jolasteko denborarik. Oheratu aurretik ipuina kontatzeko unea da umeekin egoteko momenturik politena, eta aprobetxatu egin behar da. Ipuinak umeentzat ezinbestekoak dira. Maitasuna emateko unea da ipuina kontatzeko unea, imaginazioa lantzeko balio du ipuinak, eta gainera, zuk nahi duzun mezua zabaldu ahal duzu, ipuinaren bitartez. Eskola jazarpenaren gaia bera ere landu daiteke oso ondo umeekin ipuinen bitartez. Baloreak landu eta transmititzeko tresna oso interesgarriak dira ipuinak.

2020 07 10 eulali moreno ipuin kontalaria elk barren aitagirre 1

2020 07 10 eulali moreno ipuin kontalaria elk barren aitagirre 2