40 urte pasatu dira ordutik, eta 'Gu ere Bai' ekimenaren barruan, berriz omenduko dituzte domekan, uztailaren 5ean, espedizio hartako kideak. Arratetik, duela 40 urteko omenaldian egin zuten era berean, Kalamua edo 'Maaxa' mendira joango dira lehenik. Goizeko 9:00etan abiatuko dira mendizaleak Arratetik, eta 10:00etan batuko dira denak Kalamuan. 13:00etan Arraten bertan izango da omenaldia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, orduko irudiak eta afitxak eskuratu dituzte.
• 40 urte
Duela 40 urte hamabi kidez osatutako euskal mendizale espedizio batek, Martin Zabaleta (Hernani, 1949) buru zela, Everest mendiko gailurrean (8.848 metro) ikurrina jartzea lortu zuen. Martin Zabaletak eta harekin zihoan Pasang Temba xerpak lortu zuten tontorrera ailegatzea. Zabaleta izan zen munduan Everesta igotzen 104. pertsona eta ikurrina bertan jarri zen 14. bandera. Euskal mendizaletasunean mugarri izan zen.