Bertso Eskola jarri nahi du martxan Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko uzt. 2a, 17:13

Ikasle taldeak osatuz gero, Bertso Eskolako saioak urrian hasiko dira.

Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Urtez urte, LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartu ohi dute bertsogintza lantzen eskoletan, eta horri jarraipena eman nahian, bertso-eskola biziberritu nahi du Udalak. 

Elgoibarko Izarrak 2011n jarri zuen martxan Bertso Eskola, baina 2016an bukatu zuen ibilbidea, ikasturte hartan haur gutxik eman zutelako izena. Hurrengo urteetan ere gutxik agertu zuten interesa. Udaletik beste saiakera bat egin nahi dute orain, eta LH3tik DBHra arteko umeentzako eskaintza zabaldudute. Ikasle taldeak osatuz gero, saioak urrian hasiko dira, eta astelehenero emango dituzte eskolak, 18:00etan hasita, ordubetez.

Bertso-eskolarako aurre matrikulazioa uztailaren 22ra arte egin daiteke. Izena emateko: Udalaren Euskara Saila 943 744 366 / euskara@elgoibar.eus

2020 07 02 bertso eskola Herri Eskola