Final handirako sailkatu da Iñaki Goitia Ser irrati kateko ‘Relatos en Cadena’ mikroerrelatoen lehiaketan

Barren.eus 2020ko eka. 25a, 07:43

Irailean hasi zuten ‘Relatos en Cadena’ mikroerrelatoen lehiaketa Ser irrati katean, eta maiatzera bitartean aurkeztu diren 25.000 mikroerrelato baino gehiaoren artetik hamar onenen artean aukeratu dute Iñaki Goitiaren ‘Descorazonador’ lana. Astelehenean izango da final handia, 18:00etatik 19:20ra bitartean

Lehiaketako 32. asteko mikroipuinik onena izendatu zuten Iñaki Goitiaren ‘Descorazonador’ lana, eta astelehenean hilabeteko onena izendatu zuten. Lehiakideen euren botoa, epaimahai teknikoarena, programako gonbidatu bereziarena eta herritarren botoak hartzen dituzte kontuan  onena apartatzeko. Astelehenean emandako pauso horrekin final handirako sailkatu da orain Goitiaren lana. Hamar lehiakide izango dira finalean, hilabete bakoitzeko bat (iraila-maitza) eta irabazleak 6.000 euro eramango ditu dirutan. Arrakasta handiko lehiaketa da hau, parte-hartzeari dagokionez. Urtero 25.000-30.000 bat lan aurkezten dira, eta horrenbesteren artetik lehenengo hamarren artean berea egotea “izugarria” dela aitortu du Goitiak: “Finalera iritsi izana bera izugarria da eta ezin pozago nago. Irabaztea sekulakoa litzateke”.

 
 • Lehiaketaren nondik norakoak
Astelehenetik ostegunera egiten dute lehiaketa asteko onena aukeratzeko. Entzuleen literaturako eta sormenerako talentua sustatzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa eta aurtengoa hamalaugarren edizioa izan da. Joan zen urteko irailaren 2an hasi zuten lehiaketa. Orduan, esaldi bat eman zuten antolatzaileek eta hiru eguneko epea jarri zuten esaldi hari segika gehienez 100 hitzeko ipuinak sortzeko. Geroztik astero-astero egin dute lehiaketa. Aurreko asteko irabazlearen ipuineko azken esaldia erabilita sortu behar izaten dira ipuinak astelehenetik ostegunerako tartean, gehienez 100 berbatakoak, eta astelehenetan aukeratzen dituzte asteko onenak. Hilabeteko onenak Idazleen Eskolak antolatutako El gozo de escribir ikastaroa on-line egiteko aukera irabazten du. Lehiaketako irabazle nagusiak, berriz, 6.000 euro jasoko ditu.